09 DIC. 2015 Aizkora Azurmendik ez dio inongo aukerarik eman Vicenteri Otsagabiko gazteak aurretik bota zituen lehenengo bi enborrak, baina gero gipuzkoarra nagusitu zen. Jon LEUNDA Iñaki Azurmendi da Urrezko Aizkolarien Kopako finala jokatzeko sailkatu den bigarren aizkolaria. Atzo inongo arazorik gabe hartu zuen mendean Iker Vicente, Zerainen jokatu zen kanporaketan. Ikusmina piztu zuen saioa izan zen atzokoa. Vicente sasoi betean zetorren. 18 urte besterik ez ditu, baina Nafarroako Lehen Mailako txapela, bai eta Euskal Herriko Bigarren Mailakoa ere irabazita zetorren, eta lehiaketa honetan aurreko kanporaketan Joxemari Olasagasti menderatu zuen. Beste handi baten aurka nola moldatuko ote zen ikusi nahi zuten zaleek, baina Azurmendik ez zion inongo aukerarik eman. Aizkolari bakoitzak hamalauna kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Vicente oso ongi hasi zen, eta lehen bi kana-erdikoetan aurretik ibili zen. Bigarrenaren amaieran minutu erdiko abantaila zuen Otsagabikoak, baina hirugarrenean dena aldatu zen. Ikerrek denbora asko pasatu zuen bere enborra botatzen, lau minutu pasatxo, eta horren amaieran 55 segundoko aldea zuen Azurmendik. Minutu erdi bat atzetik egotetik, minutu bat aurretik egotera pasatu zen. Apurka-apurka alde hori handitzen joan zen, eta lan erdietarako bi minutu eta erdiko tartea zeukan Iñaki Azurmendik. 19 minutu eta 9 segundoan burutu zituen lan erdiak Arriarangoak, eta 21 minutu eta 30 segundoan Vicentek. Ordurako emozioa amaituta zegoen. Azurmendiri zerbait gertatu ezean, garbi zegoen garaipena nora joango zen, eta horrelaxe izan zen, gipuzkoarra nagusitu baitzen amaieran. Arriarango aizkolariak eutsi egin zion bere erritmoari, eta amaieran lehen zuen alde hori handitu ere egin zuen. Lan guztiak burutzeko, 42 minutu eta 44 segundo behar izan zituen Arriarango aizkolariak, eta 48 minutu eta 48 segundo, berriz, Iker Vicentek. Ondorioz, Aitzol Atutxa eta Iñaki Azurmendi finalean dira, jadanik biek eskuratu baitute horretarako txartela. Baina azkeneko saioan hiru aizkolari izango dira, eta hirugarrena datorren larunbatean Zizurkilen jokatuko den saioan erabakiko da. Han neurtuko dira Joseba Otaegi eta Juanjo Lopez. Zizurkildarra da garaipena eskuratzeko faborito nagusia, eta ondorioz baita finalean izatekoa ere. Garaipena lortzen duena urteko azkeneko egunean izango da Asteasuko pilotalekuan jokatuko den finalean.