Eizmendik lortu du finalerako txartela, neke handiz
Urrezko harri-jasotzaileen Kopan, Jokin Eizmendik eskuratu zuen finala jokatzeko txartela, Beñat Telleria mendean hartuta. Zarauztarra zen garaipena eskuratzeko faboritoa, eta ez zuen hutsik egin, nahiz eta gogotik egin behar izan zuen lan Telleria gaztea mendean hartzeko.
100 kiloko zilindro kopa erabili zuten hasteko, eta minutu batean 21 jasoaldi eman zizkion zarauztarrak, baina bat gehiago lortu zuen urnietar gazteak. Hor izan zen aurreneko ezustea, eta garbi zegoen Eizmendik lan asko egin beharko zuela garaipena eskuratu nahi baldin bazuen.
Koadroa izan zen auzia erabaki zuena. Hau ere 100 kilokoa zen, eta bakoitzak bi minutu izan zituen lanerako. Eizmendi ongi moldatzen da, eta garaipena eskuratu zuen. 19 jasoaldi lortu zituen, eta hiruren aldea kendu zion Telleriari. Horrela, bat atzetik egotetik, bi aurretik jartzea lortu zuen.
Azkeneko harria, 100 kiloko bola izan zuten, eta honekin ere lanerako bi minutu izan zituen bakoitzak. Eizmendik 22 jasoaldi lortu zituen, eta Telleriak beste horrenbeste. Denera, Eizmendik 62 jasoaldi lortu zituen, eta bi gutxiago Telleriak. Beraz, koadroa izan zen amaieran dena erabaki zuena.
Idi-probak
Gaztelu Iturgintzaren uztarriak irabazi du BBK saria. Herenegun arratsalde eta gau jokatu ziren saioak, eta amaieran finalean zen gipuzkoar bat –bi izan baitziren– gailendu zen. Guztira 48 untze eta 0,55 metro egin zituzten Gazteluren idiek.
Doi-doi eraman zituzten mantak, izan ere, bigarren sailkatu ziren Goikotorreren idiek 48 untze egin zituzten, eta azkenean metro bat baino gutxiagoko tartea baino ez zen egon batetik bestera. Iñaki Lopetegiren uztarriak ere ez zuen lan txarra egin, baina hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. 47 untze, 1/4 eta 0,35 metro egin zituzten. Atzetik, Olidenen, Biorenabarriren eta Renteriaren uztarriak sailkatu ziren.