12 DIC. 2015 Aizkora Finalerako azken txartela banatuko da Zizurkilen Joseba Otaegi eta Juanjo Lopez arituko dira nor baino nor Zizurkilen, 20.00etatik aurrera. Bakoitzak14 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta irabazten duena Asteasuko final handirako sailkatuko da. Jon LEUNDA Urrezko Aizkolarien Kopa amaierara heltzen ari da, eta gaur, 20.00etan, Zizurkilgo pilotalekuan jokatuko da azkeneko finalerdia. Finala hilabete honen azkeneko egunean jokatuko da Asteasun, eta jadanik han izateko txartela eskuratuta daukate Aitzol Atutxak eta Iñaki Azurmendik eta gaur jakingo da horiekin batera arituko den hirugarren aizkolariaren izena. Joseba Otaegi eta Juanjo Lopez neurtuko dira Zizurkilen gaur ilunabarrean. Otaegi da garaipena lortzeko faborito nagusia. Zizurkildarra etxean arituko da, eta finala ere ez du oso aparte izango. Beretzat garrantzitsua izango da han izatea, eta lana ere egokia du horretarako, 14 kana-erdiko ebaki beharko baititu. Juanjo Lopezek ere hortxe jarraitzen du, oraindik denei lanak eman nahian. Final-laurdenetan ez zen faborito gisa agertu, Jon Irazu baitzen finalean izateko faboritoa, baina Lezaungoak ustekabea eman eta finalerdietan sartu da. Berriro ere galtzeko gutxirekin plazaratuko da nafarra, orain artekoa eginda ez dago gaizki, baina behin hemen sartuta irabazi egin nahiko du. Harri-jasotzea Urrezko Harri-jasotzaileen Kopako kanporaketa ere jokatuko da Asteasun gaur iluntzean, eta han lehiatuko dira Izeta IV.a eta Lopetegi. Eskola bereko bi kirolari izango dira aurrez aurre, eta ikuskizun polita izango da. Izeta IV.a izango da faborito. Eskarmentu handia dauka, oraindik gaztea izan arren. Lopetegi oraindik oso gaztea da, hogei urteren bueltan dabiltzan gazte horietakoa. Adin horren inguruan etorkizun ikaragarria duten harri-jasotzaile bat baino gehiago dabiltza, eta horietako bat da zarauztarra. Biak ederki ezagutzen dute elkar, eta saio oso polita izango da, biek nahi baitute Asteasuko finalean izan. Han izango denetako bat beste zarauztar bat da, Jokin Eizmendik lortua baitu finalerako txartela. Zarautz eta Orio inguruko harri-jasotzaile ugari dabil une honetan, eta hor garbi ikusten da Izeta II.ak eta Joseba Ostolatzak egiten duten lana, bien eskoletan gazte asko ari baitira lanean. Gaur iluntzean, 100 kiloko zilindro koparekin hasiko dira lanean, eta minutu bat izango dute ahalik eta jasoaldi gehien egiteko. Ondoren, 100 kiloko harri koadroa erabili beharko dute eta, azkenik, 100eko bola erabili beharko dute. Harri horiekin, bakoitzak bina minutuko txandak izango ditu. Hiru harriekin egindako jasoaldi kopuruak batu eta gehien dituenak eramango du garaipena, eta ondorioz finalerako txartela ere eskuratuko du. Betiko erako lanak oraindik ere gustukoago dituzte aizkorazaleek Urrezko Aizkolarien Kopan berriro ere betiko erako lana izan dute aizkolariek, eta zaleek eskertu dute hori. Gauza berriak probatu nahi izan ditu Egur Sportek, ahalegin handia egin du proba bakoitzean lan motzak eta ezberdinak jarriz eta gero denetako denborak batuz, baina jendeari ez zion horrenbesteko graziarik egiten, nonbait. Proba honetan berriro ere lan bakarra eta luzea izan dute aizkolariek, lehen bezala, eta orokorrean denek eskertu duten modua izan da. Jendeari buruz buru lan luzera lehiatzen ikustea gustatzen zaio. J.L. SAILKATUAK Urteko azkeneko egunean Asteasuko pilotalekuan jokatuko den finalak hiru aizkolari izango ditu, eta jadanik han izateko txartela eskuratuta daude Atutxa eta Azurmendi. SAIO EDERRA Urrezko harri-jasotzaileen kanporaketako saioa ere jokatuko da Zizurkilen, eta Izeta IV.a eta Lopetegi lehiatuko dira. Biak zarauztarrak, biak eskola berekoak eta maila handikoak.