12 DIC. 2015 sokatira Lauko Txapelketako azken bi jardunaldiak jokatuko dira J.L. Lauko Goma Gaineko Euskal Herriko Txapelketako azkeneko bi txapelak banatuko dira gaur arratsaldean Ibarrako pilotalekuan, 17.00etan hasita. Alde batetik, mutilen 300 kiloko finala jokatuko da eta, bestetik, nesken 260 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia ere izango da. Mutilak hiru multzotan banatuta lehiatu dira, eta bi saio jokatu ostean sei onenak bertan izango dira. Ñapurrak, Sokarri A, Ibarra B, Ñapurrak B, Beti Gazte eta Amaiur izango dira txapelaren lehian. Ñapurrak taldea bakarrik izango da bi talderekin finala jokatuko duena, eta horietako bat txapela lortzeko faborito nagusien zerrendan dago. Hala ere, Ibarra izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Etxean arituko da, eta mimo handiz prestatu dute saio hau. Hala ere, beste bost taldeek ere lan handia emango dute. Amaiur eta Beti Gazte ere oso indartsu agertu dira orain arteko saio guztietan, eta horrek finalean izan daitekeen oreka erakusten du. Neskak Nesketan lau talde besterik ez dira aritu, eta hiru jardunaldiko ligaxka jokatuta, Ibarrak txapela ia poltsikoan dauka. Jadanik 8 puntu ditu, eta biren aldea ateratzen dio Badaiotzi. Ondorioz, gaur Ibarrak ez irabazteko, azkena atera beharko luke eta Badaiotzek irabazi. Orain artekoa ikusita, ez dirudi Ibarra azkena geratuko denik, eta ikaragarrizko zerbait gertatu ezean, txapela etxean geratuko da. Gainerako postuak ere ia erabakita daude. Orain arteko bi jardunaldietan emaitzak errepikatu egin dira eta ez dirudi gauzak aldatuko direnik. Badaiotz doa bigarren postuan, Txantrea, hirugarren eta Bizindar, azken.