Izeta IV.ak jasoaldi bakar bati esker lortu du garaipena
Izeta IV.ak lortu zuen Zizurkilen Urrezko Harri-jasotzaileen Kopako finala jokatzeko txartela, Mikel Lopetegi mendean hartuta, nahiz eta azken honek ere izango duen oraindik finalean aritzeko aukera. Horretarako, ordea, datorren asteburuan bere irakaslea den Izeta II.a menderatu beharko du.
Hiru harri ezberdin erabili zituen kirolari bakoitzak, eta amaieran sekulako emozioa izan zen, jasoaldi bakar batek erabaki baitzuen auzia. Hasteko, 100 kiloko zilindro kopa erabili zuen bakoitzak, eta lanerako minutu bakar bat izan zuten. Jarraian, 100 kiloko koadroarekin aritu ziren, eta honekin bi minutuan aritu ziren. Azkenik, pisu bereko bola erabili behar izan zuten, eta honekin ere bi minutuko saioa egin behar izan zuten harri-jasotzaileek.
Jendeak emozioa nahi izaten du, eta hemen soberan izan zuten, dena azkeneko lanean erabaki baitzen. Zilindro koparekin hasiera bikaina izan zuten, biek ere lan oso ona egin baitzuten. Bakoitzak 21 aldiz jaso zuen kopa, eta dena erabakitzeko utzi zuten.
Koadroa izan zuten lanerako bigarren harria, eta hemen ere ez zen ezer erabaki. Bakoitzak 18 aldiz jaso zuen. Biek dute gustukoa harri hau, eta berriro ere lan ona egin zuten. Bola bakarrik falta zen dena amaitzeko, eta hark erabaki beharko zuen. Eta horrelaxe izan zen.
Finalerako txartela bolak zeukan gordeta, eta hori Izeta IV.ak lortu zuen, 21 aldiz berdindu baitzuen bizkarraren gainean. Lopetegik ere ahalegin handia egin zuen, eta oso gertu geratu zen; 20 jasoaldi lortu zituen, eta, galduagatik gustura geratu zen, Izeta IV.a izugarri estutzea lortu baitzuen. Denera Izeta IV.ak 60 jasoaldi lortu zituen, eta, Lopetegik, 59.
Eizmendi eta Izeta IV.a finalean daude, eta, ezusterik ez bada, Izeta II.a izan daiteke bestea, nahiz eta horretarako bi gazte hartu beharko dituen mendean, horietako bat bere ikaslea den Lopetegi.