Jon LEUNDA
Berezkoak

Larraldek eta Lanbertek finalerdietarako sailkatzea lortu dute

Larraldek eta Lanbertek lortu zuten atzo Donibane Garaziko Garat trinketean Superprestigioko finalerdiak jokatzeko txartela. Aurrenekoak 40-32 menderatu zuen Monze, eta bigarrenak, berriz, 40-36 Bilbao.

Lehen partidan amaierako markagailuan ez zen ikaragarrizko alderik izan, baina Larraldek neurketa beti kontrolpean izan zuen. 8-0 hasi zen irabazten, eta hortik aurrera aldeari eustearekin nahikoa izan zuen garaipena lortzeko. 11 kintze egin zituen saketik Larraldek, eta 8 Monzek. Jokoan 15 egin, eta 6 galdu zituen Larraldek, eta Monzek jokoan 12 egin eta 14 galdu zituen. 8-0, 13-8, 18-10, 22-12, 29-23, 34-25 eta 40-31 izan zen markagailuaren mugimendua.

Bigarren partidan, Ximun Lanbertek lan asko egin ostean lortu zuen Bilbao menderatzea. Hasieratik hartu zuen aurre, baina partida erdian Bilbaok berdintzea lortu zuen. Baina 23na adostuta zeudela, 0-7ko partziala lortu zuen Lanbertek, eta hor erabaki zen auzia. Saketik, 6 egin zituen Bilbaok, 8 Lanbertek. Irabazleak jokoan 29 egin, eta 7 galdu zituen, eta galtzaileak 23 egin, eta 8 galdu. Markagailua honela mugitu zen: 0-2, 4-8, 6-13, 17-17, 19-19, 22-22, 23-23, 23-30, 30-36, 35-39 eta 36-40.

Zigortuta

Thierry Harizmendi sei hilabeterako zigortu dute. Berak, gaixotasun batetik osatzeko, kontroletan positibo ematen duen produktu bat erabili zuen, eta kontrola pasatzerakoan ohartarazi ez zuenez, positibo eman du. Hala ere, zigorra jartzerako garaian bere errendimendua hobetzeko ez dela izan argi geratu omen da, eta horregatik zigorra ere ohikoa baino askoz ere txikiagoa izan da.