19 DIC. 2015 HAUR LITERATURA Payo ingelesaren altxorra Xabier ETXANIZ ERLE Liburuaren izenburuak iradoki bezala, abenturazko nobela baten aurrean gaude; baina oso sailkatze sinpleegia litzateke Aitor Aranaren azken lan honi horrelako kalifikazioa bakarrik ematea. Bi garai ezberdinetan, nerabezaroan dagoen neska baten istorioa, maitasuna eta adiskidetasuna eta misterio puntu bat ere badaude nobela honetan. Esan bezala, bi garai ezberdinetan girotutako lana dugu; alde batetik, 2014ko irailetik azarora Malagan Teresa dugu protagonista, eta bestetik, 1820 eta 1841ean Ingalaterran eta Malagan girotutako istorioa. Azken honetan, George Borrow gaztea eta haren neska lagun ijito biren maitasun istorioa dugu gai nagusi; Laura neskatoaz nola maitemindu zen, handik urte batzuetara nola hasi zen Bibliak saltzen Antonio izeneko mutil baten laguntzaz eta honen arrebarekin berriro maiteminduko eta alaba bat izan. Laura, Antonia, baita XXI. mendeko Teresa, hirurak ijitoak dira, eta George, haien hizkuntza ikasi zuen gazte ingelesa. Aranak kaloerazko esaldiak eta esamoldeak tartekatu ditu liburuan zehar irakurketa eragotzi gabe: «-A lirí ye crallí nicobó a lirí es calés –esan zion Antoniok bere jaunari, hala gogorarazten ziola ijitoek errege aginduz debekatuta zeukatela kaloeraz hitz egitea». Eta horiekin batera ere ageri zaigu Teresaren aldetik arbasoen hizkuntza berreskuratzeko gogoa. Alde horretatik, bada kaloera eta euskara parekatzeko asmoa; duela zenbait urte euskararekin bizi izan ditugun komentarioak, egoerak eta usteak ageri dira kaloeraz ari diren hainbat pasartetan. «Hemen ezin da hizkuntza zikin horretan hitz egiten! Hobe zenukete kristauen moduan hitz egitea, kristau artean zaudetenez!», «(Hizkuntza) horrek ez du ezertarako balio», «galdu behar ez nukeen balio kultural eta pertsonal handiko zerbaiten zati naizela»… eta ijitoek jasan izan ohi duten bazterkeria ere garrantzitsua da liburuaren izenburua ulertzeko. Familian urtez urte pasa izan den kutxa baten barnean kaloeraz idatzitako poema moduko batek tesoro ezkutu baten klabeak ematen zituen, baina horretarako tesoro hori zegoela sinetsi behar da. Teresaren amonak hala uste zuen, eta ilobak hari batzuetatik tiraka, eta Tomasen laguntzarekin, azkenean aurkikuntza miresgarria egingo du. Aitor Aranak aspaldi erakutsi zuen istorioak narratzeko duen eskarmentua, baita gazteen arreta erakartzeko gaitasuna. Liburu honetan, narrazio zaindu baina ondo korritzen duen baten bidez, irakurlea erakartzen du. Abenturazko nobela horren aitzakian gaur egungo gaixotasunei buruz ari da, maitasunaz, arrazakeriaz, adiskidetasunaz… arin eta gustura irakurtzen den testu, zenbaitetan poetiko, batean: «Ur-bazterreko zuhaiztietan ibiltzen ziren haranaren behealdean, eskutik helduta, eta jendeak amultsu besarkaturik ikusten zituen arratsaldez, haien musuak argi gorriz argiztatzen zituen eguzki sarrerari begira». Amaiera zoriontsua du nobelak, are gehiago, ipuin klasikoetako amaiera ematen du… hain da zoriontsua! Baina amaierak baino garrantzi handiagoa du ibilbideak, Aranak nobela honetako orrietan zehar oso modu errazean eramaten gaitu bazterkeria, hizkuntza gutxituen balioa, adiskidetasuna eta maitasuna eta gisako lurraldeetara. Eta hori dena modu entretenigarri eta arinean.