GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Txapeldunen mina


Nire lagunak Realaren partiduak ikusten ikusten ditudanean, sentitzen sentitzen ditut. Sufritzen edo pozak zoratzen, partiduko segundo oro intentsitate handiz bizi dute, eta halakoetan, bekaizkeria gailentzen zaidala aitortu behar dut. Igande arratsaldeetan futbolzale izan nahi nuke.

Ez dut oroitzen inoiz pasa den astekoa bezalako txapelketarik ikusi dudanik, baina apur bat nire lagun «futbol-eroak» bezala aritu nintzen. Asteazken arratsez urteko surf txapelketa garrantzitsuena abian zen Pipelinen eta milioika ikusle ordenagailu aurrean geunden. Laugarren errondako bigarren txanda hunkigarria izan zen. Munduko olatu zail eta beldurgarrienetako batean esperientzia gehien duten bi lehiakideren kontra egin behar zuen Mick Fanningek. Itsasoratu aitzin eman zioten berri txarra australiarrari, bere anaia zaharrenak arnasa hartzeari utzi zion.

Aurtengo titulu mundiala eskuratzeko Fanning faborito genuenok urduri geunden, bi aurkari zailenekin itsasoratu behar baitzuen; Kelly Slater, hamaika bider munduko txapelduna eta John John Florence, urautsitik 20 metrora bizi den surflari estralurtarra.

Ikaragarria izan zen hiru maisuek olatu munstro haiek nola menderatzen zituzten ikustea. Segundo guztiak nire egin nituen, eta artega, Fanningek irabaztea desio nuen. Azkenean, urteko txandarik zailena pasatzea lortu zuen eta sekulako poza hartu nuen.

Aurtengo titulu mundiala norbaitek merezi bazuen, hori Fanning zen, bere arerio nagusiei txanda errazenak tokatzen zitzaizkien bitartean berak lehiakide zailenekin itsasoratu behar izan baitzuen. Jeffreys Bayko txapelketan marrazo batek eraso egin zion, eta orain, titulu mundiala eskuratzeko zorian zenean, bizitzako patuak egin zion kosk. Bazirudien Rio de Janeiroko faveletako etxolaren batean norbait Fanningen panpinari budu orratzak iltzatzen ari zitzaiola.

Ez dut ezagutzen Fanning, baina aurtengoan estimu handia hartu diot. Horregatik min egin zidan brasildarrek nola garaitzen zuten ikusteak. Ez da gozoa jende preziatua sufritzen ikustea. Zenbat eta gertukoagoa izan momentu txarrak pasatzen ari den kidea, orduan eta enpatia maila handiago izaten da. Maila batean, gure egiten dugu lagunaren mina, eta bere tristurak goibeltzen gaitu. Horregatik, Mick Fanning ikusten nuenean, beste txapeldun bat nuen buru-bihotzean, berriki ahaide maitea galdu duen laguna, eta zalantza dut, nola deituko ote dudan aurrerantzean, Mick Soto edo Iñaki Fanning?