Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Eizmendik aise irabazi du Euskal Herriko Txapelketa

Zarauztarra harri guztiekin erraz nagusitu zen. Bere ertzetik, Ugartemendia eta Galarraga sailkatu ziren.

Jokin Eizmendik aurreikuspenak bete egin zituen, eta berak irabazi zuen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Aimar Irigoienen faltan bera zen irabazteko faboritoa.

200 kiloko harri errektangularra izan zuten jaso beharreko aurreneko harria, eta hor hasi zen zarauztarra txapelaren bidea egiten, sei jasoaldi lortu baitzituen. Iban Ugartemendiak bat gutxiago eman zion, eta azkenik, Aimar Galarragak hiru aldiz berdindu zuen harria.

Bigarren harria 175 kiloko zilindroa izan zuten, eta hor lehen zuen aldea handitu egin zuen Eizmendik. 11 jasoaldi eman zizkion. Berriro ere Ugartemendia izan zen bigarrena, eta berak zortzi jasoaldi eman zizkion. Azkena Galarraga izan zen; sei jasoaldi lortu zituen.

Hirugarren harria, 150 kiloko kubikoa izan zuten, eta hor dena erabakita utzi zuen Eizmendik. 13 jasoaldi lortu zituen. Ugartemendiak zortzi aldiz berdindu zuen, eta azkenik, bost eman zizkion Galarragak.

Amaierako harria 125eko bola izan zuten, eta hor ere alde handia lortu zuen Eizmendik. 17 jasoaldi lortu zituen zarauztarrak, 11 Ugartemendiak eta 10 Galarragak. Denera, Eizmendik 7.200 kilo jaso zituen, Ugartemendiak 4.975 kilo, eta 3.650 kilo, berriz, Galarragak.

Urrezko harri-jasotzaileak

Urrezko harri-jasotzaileen hirugarren eta azkeneko finalerdia jokatu zen Leaburun, eta hor ere aurreikuspenak bete egin ziren, Izeta II.ak lortu baitzuen finalerako txartela, eta abenduaren azkeneko egunean Eizmendirekin eta Izeta IV.arekin batera jokatuko du finala.

Aiarrak guztira 65 jasoaldi lortu zituen. Beste biak, Lopetegik, eta Telleria IV.ak 63na jasoaldi lortu zituzten. Pisu bikoitzeko torneoan, Urrutiak irabazi zuen. 74 kilo pisatu zituen berak, eta ondorioz 150 kiloko harria erabili zuen. 18 jasoaldi lortu zituen. Telleria II.a, Otaegi eta Izeta I.a sailkatu ziren atzetik.