Mertxe AIZPURUA

HIZKUNTZA GUTXITUEN ITZALA EUROPAKO TELEBISTETAN

Duela hogei bat urte garrantzia hartu zuen komunikabide publikoen eta hizkuntza gutxituen arteko harremanaren inguruko eztabaidak Europan. 80ko hamarkada inflexio-puntu izan zen toki askotan, bertako hizkuntza telebistaren bidez zabaltzeko aukera ireki zenean. Adituek «eredu atlantiko» izendatu zuten horretan, Britainia Handiko, Irlandako, Herbehereetako eta Belgikako ereduak sartu zituzten.

Bellaterra Unibertsitateko Tokiko Komunikazioaren Behatokiak egin du gaiari buruz ezagutu dugun azterketa berriena, Europa iparraldeko hizkuntza minorizatuei telebistek eskaintzen dieten arretan sakonduz. Hizkuntza gutxituekiko sentsibilizazioa azken hamabost urteetan handitu egin dela ondorioztatu du 2014an plazaratutako txostenak; horren adibide gisa, administrazioek Galesen, Eskozian, Herbehereetan eta Belgikan ezarritako plangintzak ikertu ditu.

1982an sortu zen izaera publikoa duen galesezko S4C telebista katea. Urte berean jaio zen hemen Euskal Telebista, eta ez da hori bien arteko kointzidentzia bakarra. Antzekotasun demografiko ugari daude bi herrialdeen artean: biek daukate 3 milioi inguruko populazioa eta paretsuak dira lurraldearen azalerari dagokionez ere. Arrazoi horiengatik ere Galesekoa ETBren ispilu galestarra izan daitekeela esan ohi da. Populazioaren %21ek hitz egiten du galesez eta ingelesez.

Eskozian, Britainia Handiko Gobernuak urtero 9 milioi liberako funtsarekin finantzatzen du BBC-Alba katea. Programazioa gaelikoz ekoizteko ematen da diru publikoa, 65.000 hiztun dituen komunitatearentzat (%1,4), Eskoziarako duen BBC kanaletik eta ITV kanaletik emititzeko. Irlandan, diru publikoz hornituta dago Gobernuak 1993an sortu zuen TG4 irlanderazko kanala (%6,6k hitz egiten dute Irlandako gaelikoa).

Herbehereetan, aldiz, 60ko hamarkadatik dago martxan Omrop Fryslân ikus-entzunezko erakunde frisiarra. Bere kanalaren bidez, eskualde zehatz horretan emititzen du eta edukiak sortu eta ekoizten ditu frisieraz.

Belgikan egitura audiobisuala bere osotasunean federaziopean dago. Kanal bereziak ditu nederlanderaz (Flandrian) eta frantsesez (Valonian).