28 DIC. 2015 Eskalada Eskaladako bi proposamen:bata, Balerdin; bestea, berriz, Leiren Ramon Amondarainek Balerdin «Txantxangorri» bidea sortu du. Zailtasun handienak lau luzek dituzte (7a, 7b, 6b eta 6c/7a). Mikel Saez de Urabainek, berriz, Leireko Orratzean «Gartxot» (7b+) zabaldu berri du. Última actualización: 28 DIC. 2015 - 07:11h Andoni ARABAOLAZA Hurrengo lerrotan Euskal Herriko bi paretetan zabaldutako bi proposamen bildu ditugu. Bide horien protagonistek urteak daramatzate eskaladako marrak zabaltzen, eta, badirudi, bien motibazioak tinko segitzen duela. Biak ala biak gipuzkoarrak dira: Ramon Amondarain eta Mikel Saez de Urabain. Azken horrek bi lagunen laguntza jaso du. Amondarainek Balerdiren ekian dauden pareten oinarritik oso goialdera bitarte eramaten gaituen bide luze bat (500 m) zabaldu du. “Txantxangorri” deitu dio, eta lasaia asko esan genezake hiru zati ezberdin dituela: «Beheko paretan hiru luze zabaldu ditut. Lehena 1997. urtean (7a, 35 m) eta bigarrena eta hirugarrena orain dela hiru urte. Bigarrenak 7b zailtasuna du (45 m) eta hirugarrenak 6b (20 m). Oraingoan, zati horretan behetik zabaldutako 100 metroko proposamen berria sortu dut. Luzeok eskalatzeko soilik bederatzi zinta behar dira». “Txantxangorri” bidearen bigarren zatiak apenas zailtasun teknikorik duen (II), eta zati horrek lehena eta hirugarrena lotzeko balio du. Azken sekzio horretan, berriz, luze bat ireki du: «70 metrokoa da eta 6c/7a gradua du. Artesi luze bat da, eta soilik txapa bakarra dauka. Artesi hau fisureroekin eta camelot joko batekin (errepikatu 2 zenbakia; 4koa ez da behar) ondo babesten da. Nahiz eta luze bat bezala utzi dudan, bi egitea aholkatzen dut. Denera, 500 metroko bidea da. Amaiera horretatik tontorrera ertzetik joaten da, oinez». Amondarainek ere honako hausnarketa egin nahi izan digu: «Pareta askotan bide asko bata bestearen ondoan daude, edo bata bestearen gainean. Balerdin ere, antzeko egoera ikusten ari naiz. Nik uste dut marra bat eta beste baten artean gutxienez 50 metroko tartea egon behar dela». Azkenik, eskalatzaileak adierazi digu Fernando Ferreras zenaren omenez “Fernando” bidea (6c/7a, 45 m, ekipatua) zabaldu duela Uzturre mendian. Leiren beste bat Nafarroako Leireko Orratzean, berriz, Mikel Saez de Urabainek xede bat zuen. Eta berau pasa den azaroan bukatzea erdietsi zuen. “Gartxot” bidea bakarka zabaltzen hasi zen. Haatik, Ivan Urzelai eta Arkaitz Yurritaren laguntza ere izan du. 200 metro luze da, eta sei luze ditu (bosgarrena trantsizioa da): 6a, 6b, 7a, 7a+ eta 7b+. Behetik zabaldutako marrak ukitu alpinoa du; hots, txapa gutxi ditu. «Marraren eskalada ezin hobea da. Eskalada tradizionalaren kutsua du, oso sekzio onekin eta kalitate handiko plakekin. Uste dut estilo hori atsegin dutenentzat gustuko bidea izango dela», azaldu du Saez de Urabainek. BI PARETA Ramon Amondarainek Balerdi mendian «Txantxangorri» bidea (500 m) zabaldu du. Mikel Saez de Urabainek, bestalde, «Gartxot» marra (200 m) ireki du Leireko Orratzean.