28 DIC. 2015 ZIRIKAZAN Halakoxea Josebe EGIA Gabon arruntak izaten ari dira. Aurten ere oporraldi txiki baina beharrezkoa daukagu etxeko langileok, eta, ondorioz, gauzak txukun egiteko astia. Eskertzekoa da, sasoi honetan eguneroko eginkizunei beste hainbeste batzen zaizkielako. Halere, inolako estutasunik gabe gabiltza guztiok, primerako antolaketa baitugu gurean, beste familietan bezalaxe. Oturuntzetarako janaria erostera bikotekidea joaten da azokara. Hantxe ibiltzen da beste erosle batzuekin batera salneurriez-eta berriketan. Errezetak eta gomendioak partekatzen ditu, eta neurrizko erabakiak hartu etxeko ekonomia ez dadin hurrengo urte osorako hondatu. Neu, aldiz, senideentzako opariez arduratzen naiz. Gustura ibiltzen naiz dendarik denda; jada ez dut sumatzen garai bateko frustrazioa, batik bat haurren dendetara sartu eta nire burua ezinbestean eremu biren artean bueltaka aurkitzen nuenean bezala: gerlariak, bideo-jokoak eta kirolak mutikoentzat, urdin-gris-beltz koloreko ekintza-esparruan; panpinak, ile –eta aurpegi– apaingarriak eta galtzarik gabeko mozorroak neskatoentzat, arrosa-more besterik gabeko etxeko paretez barneko giro itogarrian. Garai haiek… Toys r’ Us-en inperiopean. Egun, errazagoa da haurrak kanpoko indarrek bideratu gabe heztea eta poztea, neska ala mutila izan barneko pertsonatxoa kontuan hartuz gero, denok egiten dugun legez. Urte amaierako ohiko telebista-saioak ikusi bitartean biltzen ditugu erositakoak. Saio horiek jada ez dute hitz egiten, ez dute zertan, garai bateko kontsumismo basatiaz, aberatsen eta pobreen arteko alde eskandalagarriaz, urte horretan eraildako emakume-kopuruaz, jarraian inortxok ere sentitzen ez duen zoriontasun fiktizioa saltzeko erreportaje eta iragarkiak txertatuta. Dagoeneko ez gara sentitzen zortedun, eta aldi berean errudun, jendartea bertako sektore jakin batzuen bazterkerian eta sufrimenduan oinarrituta dugulako eraikita eta elikatuta. Egun, denok dugu aukera norbere bizimodu-aukeraren araberako duintasunez agurtzeko urtea; zoriontsu ala goibel, itxaropentsu ala etsipenez, bizi izandakoak azalean, baina ez, behintzat, lehengo jendarte hipokritak agindu bezala. Gaur Inuzente Eguna dela jabetu ez denak zein mundutan bizi naizen galdetuko dio bere buruari. Halakoxe errealitatea inuzentekeria edo ameskeria izan ez dadin zer egiten dugun urte osoan, horixe dugu gure buruari egin beharreko itaun bakarra, gure ekintza bakoitza baita giltzarria egiazkoa eta arrunta bihur dezagun.