29 DIC. 2015 Aizkora Olasagastik istripu larria izan du ezker besoan Ebakuntza egin diote eta Atutxaren kontrako apustua ez du jokatzerik izango. Jon LEUNDA Otsailean Azpeitian Joxemari Olasagastik eta Aitzol Atutxak jokatu behar zuten apustua bertan behera geratuko da, Joxemari Olasagastik min hartu baitu, eta erietxean dago igandean ebakuntza bat jasan ostean. Igeldoko aizkolaria entrenamendua prestatzen ari zen igande eguerdian, eta horretarako enborrak jartzen ari zen, istripua gertatu zen unean. Motozerrarekin egurrak ongi jartzen ari zela, kateak ihes egin, eta besoan zauri latza egin zuen. Erietxera eraman eta bi ordutik gora iraun zuen ebakuntza egin behar izan zioten, eta han jarraituko du oraindik, nahiz eta berak bihar etxera joateko itxaropena agertu duen. Atzo bertan izan zen erietxean Aitzol Atutxa, Olasagasti ikusi eta animoak ematen. Besoko giharrak eta tendoiren bat ere kaltetuta ditu, baina itxaropentsu agertu da, eta bere ustez mugikortasuna berreskuratu egingo du. «Denbora beharko dut, gauzak lasai hartu, baina [besoa] jarriko da, nik itxaropen osoa daukat», zioen Joxemari Olasagastik atzo. Ondorioz, Azpeitian jokatu behar zuen apustua bertan behera geratuko da, eta, gerora jokatuko den edo ez, denborak esango du. Oraingoz, ordea, atseden hartu beharko du, eta besotik ongi osatu, azken batean gauza guztien gainetik ongi jartzea izango baita lehentasuna. Aitzol Atutxa eta Joxemari Olasagasti datorren otsailean ziren neurtzekoak. Ikusmin handia piztua zuen neurketa honek. Iaz ere, aurretik saiatuak ziren biak elkarren arteko apustua egiten, baina ez zuten adostasunik lortu. Aurtengo Euskal Herriko Txapelketa eta gero Olasagastik berriro bota zion desafioa Euskal Herriko txapeldunari, eta oraingoan lortu zuten apustua ixtea. Horri begira bi aizkolariak buru belarri ari ziren prestatzen, eta horretan ari zela izan du istripua Olasagastik. Oraingoz ez da apustu hori jokatuko, eta denborak esango du berriro jokatzeko moduan izango diren edo ez. Sare sozialen bidez asko eta asko izan dira Olasagastiri animoak bidali nahi izan dizkiotenak. Neguan sartu berriak gara, eta txapelketa ofizial guztiak eta erakustaldi gehienak udan izaten direnez, han izatea espero du Olasagastik berak. Orain Urrezko Aizkoraren txanda izango da, baina zaila izango da hor ikustea.