04 ENE. 2016 Eskalada «Lapoterapia» bidea trad estiloan sinatu du Jacopo Larcher tiroldarrak Hego Tiroleko eskalatzailea 8c zailtasuneko marrarekin egin da. Italiako Osso eskolako «Lapoterapia» bidea azkar kateatu du; hiru saio soilik behar izan ditu. Andoni ARABAOLAZA Nahiz eta oso gaztea den (24 urte ditu), Jacopo Larcher tiroldarrak argi asko utzi du bikain moldatzen dela eskaladaren hainbat estilotan. Kirol eskaladan, adibidez, bederatzigarren gradura iritsi da. Alabaina, hormatzarrak ez ditu alboan uzten; asko atsegin ditu, batez ere kutsu alpinoa dutenak. Pasa den udan, adibidez, talde batekin Siberian ikusi genuen hainbat bide zabaltzen. Udazken amaiera aldean, Barbara Zangerl bikotekidearekin Yosemite lehen aldiz bisitatu zuen, eta sokadak Kapitaineko “El Niño” (8a+, 800 m) bidea eskalatu zuen. Eta pasa den abenduan eskalada tradizionalean edo trad estiloan jo eta su jardun du. Gogor estutzeaz gain, Hego Tirolgo eskalatzaileak oso emaitza azpimarragarriak erdietsi ditu. Eta horien guztien artean izarra “Lapoterapia” (8c) bidea izan da. Protagonistak estilo horretan lehen igoera sinatu berri du. Eta estilo horretan diogu, “Lapoterapia”, berez, paraboltekin ekipatuta dagoelako. 20 metro luze den marra hori Maurizzio Pellizonek ekipatu zuen, eta 2012. urtean Alessandro Maninik puntu gorria jarri zion. Italiarrak 8c bezala aurkeztu zuen, eta lehen errepikatzailea, Gabriele Moroni, ados dago graduaren proposamenarekin. Larcherrek, berriz, ez ditu paraboltak erabili eta bere burua babesteko fisureroak eta friendak jarri zituen. Horregatik, hots, ekipatutako bide batean trad estiloan eskalatzeagatik, kritikak jaso ditu; besteak beste, estilo horrek eskatzen duen arriskua hein batean saihesten delako. Beste era batera esanda: nahiz eta paraboltak ez erabili, nolabaiteko “segurtasuna” ematen dute. Baina protagonistak adierazi duen bezala, bide hori tradean eskalatzea oso arriskutsua da. Hiru saio Lacher berakk “Lapoterapia” bidea aurretik ezagutzen zuen: «Azaroaren amaieran Ossoko eskola (Italia) bisitatu nuen. Jakin banekien artesi oso ederra zuela, eta ohartu nintzen tradean eskala zitekeela. Baina horrela egiteko tresneria nirekin ez nuenez, paraboltetan aseguratzen igo nintzen. Bidearen hirugarren igoera poltsikoratu nuen. Kateatze horrekin oso pozik jarri nintzen, eta, etxean pare bat egun pasa ondoren, Ossora berriro itzultzea erabaki nuen. Hori bai, oraingoan, tradean eskalatzeko beharrezko tresneria eta koltxonetekin». “Lapoterapia” bidera gauez iritsi zen, eta, kopeta-argiak erabilita, bidea rapelatu eta fisureroak eta friendak jartzeko leku egokiak bilatzen jardun zuen. Eskalatzaileak aurreratu du lehen metroak babesteko koltxonetak jarri zituela: «Bidearen laugarren parabolta arte ezin da ezer sartu, eta orkatilak babestu ahal izateko marraren oinarrian koltxonetak zabaldu nituen. Bidearen lehen giltza babesteko camalot bat jartzen da, eta, ondoren, micro friend batzuk. Baina gogorrena pausu zailetara iritsi aurretik sartu behar den materiala ondo ipintzea da; izan ere, tresneria hori sartzeko lekuak ez dira agerikoak eta jartzen dena ez da fidagarria». Behin hori guztia ondo aztertu ondoren, eskalatzaile gaztea tresneria nola jarri zein eroriko batzuk probatzen aritu zen: «Neure burua prest neukan benetako saio bati ekiteko. Oso zentratuta nengoen, konfiantza askorekin eta seguru nengoen gai nintzela trad estiloan ‘Lapoterapia’ bidearen lehen igoera sinatzeko. Eta neure buruarekin zein sasoiarekin erabat harrituta geratu nintzen; izan ere, marra horren katera heltzeko soilik hiru saio behar izan nituen». “Lapoterapia” poltsikoratu eta egun batzuetara, Vorarlsbergera joan eta estilo berean “Psychogramm” bideareekin (8b+) egin zen. JACOPO LARCHER 24 urteko tiroldarra «Lapoterapia» bidearen (8c) lehen igoerarekin egin berri da trad estiloan. Hiru saio bakarrik behar izan ditu.