Faboritoak gogor abiatu dira
Mugertza II.ak eta Atutxak mendean hartu dituzte Rekondo eta Saralegi, Binakako Urrezko Aizkorako lehen jardunaldian.
Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak irabazi zuten Binakako Urrezko Aizkorako aurreneko neurketa atzo Deban. Amaieran minutu bateko tartea lortu zuten faboritoek, baina lan asko egin behar izan zuten, azkeneko lanera atzetik sartu baitziren.
Jende gutxi batu zen Deban saioa ikusteko, nahiz eta neurketa oso erakargarria zen. Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen, eta amaieran guztietako denbora denak batzen dira, garaipena zeinek eramango duen jakiteko.
Rekondo eta Saralegi oso indartsu abiatu ziren, aurreneko probak eramanez, eta faboritoek lanean jarraitu behar izan zuten aldeak handiak ez izateko. Proba hauetan oso zaila izaten da iraupen proba baina lehen ezer erabakitzea, eta nafarrek bazekiten lan horretara iritsi aurretik aldea lortu beharra zeukatela, bestela zaila izango zutelako garaipena lortzea. Seigarren probara, iraupen probara, 30 segundoko aldearekin sartu ziren bi leitzarrak. Hor, bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituen, eta proba hau hasieratik bukaerara kontrolatu zuten Atutxak eta Mugertzak. Gipuzkoarrak eta bizkaitarrak aurrera egin zuten eta aldea kentzen lehen kana-erdikotik hasi ziren. Hasieran Saralegik eta Rekondok eutsi zioten, edo saiatu ziren horretan, baina Atutxak sekulako joa erakutsi zuen, eta amaieran minutu eta erdiko aldea lortu zuten, aurka zuten aldea irauli, eta minutu bateko tartearekin lehen saioa amaitzeko. Lan guztiak betetzeko, 18 minutu eta 51 segundo behar izan zituzten Atutxak eta Mugertzak eta 19 minutu eta 58 segundo, berriz, Rekondok eta Saralegik.
Lehiaketa honek jarraipena etzi izango du, 12.00etatik aurrera jokatuko baita Zeraingo pilotalekuan bigarren jardunaldia. Donato Laretxea eta Iñaki Azurmendi ariko dira Joseba Otaegiren eta Juanjo Lopezen aurka. Atzo aizkolariek egin zuten lan bera egin beharko dute oraingoan ere.
Australiarrak
Binakako Urrezko Aizkorak ez du izan aurkezpenetarako astirik, Urrezko Aizkolarien Kopa amaitu bezain azkar hasi baita, baina benetan erakargarria geratu da. Izen propio bat ere badu lehiaketa honek, eta hori Lawrence O’Tole australiarra da. Orain arte Urrezko Aizkoran aizkolari atzerritarrak izan dira, baina beti espainiarrak izan dira, eta oraingoan lehen aldiz arituko da australiar bat.
O’Toole Australian dagoen aizkolaririk onenetakoa da, eta aizkora zale guztiek ezagutzen dute bere izena. Euskal Herrian jokatu diren Munduko Txapelketetan izandakoa da lehen ere. Iker Vicente gaztearekin osatuko du bikotea. Ikusgai dago nola molda daiteken, han lanak ezberdinak izaten baitira, eta baita enborrak ere. Hala ere, lan laburretara egokitzeko arazorik ez duela izango uste da.
Guztira sei bikote lehiatuko dira, bi multzotan banatuta. Aurrenekoan, Atutxa eta Mugertza II.a, Rekondo eta Saralegi, eta Arria V.a eta Larrañaga arituko dira. Bigarrengoan, berriz, Larretxea eta Azurmendi, Otegi eta Lopez, eta, azkenik, O’Toole eta Vicente. Finala, berriz, otsailaren 28an jokatuko da eta aurtengoan ere Azpeitian izango da.
Honelakoetan, beti faboritoak bilatu behar izaten dira, eta Atutxa eta Mugertza, egungo txapeldunak, dira handienak. Gainera, atzo lehen jardunaldia irabazita datoz, eta finalean izateko lehen urratsa ere eman dute. Azurmendi eta Larretxea ere kontuan hartzeko bikotea izango da, eta baita Arriak eta Larrañagak osatzen dutena ere.