06 ENE. 2016 Emakumezkoen futbola «Partidaz partida» topikoaren balioa berraurkituz Lehiaketaren itzulerak denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetakoa ekarriko du Lezamara: Athletic eta Atleticoren arteko partida. Amaia U. LASAGABASTER Lanegunak nagusi izan dira Lezaman, baina hilabete bada Athleticek azken partida jokatu zuela. Arrakastatsua, denboraldi osoko joerari jarraituz, eta lehen aldiz zuri-gorriek sailkapena lehenengo postutik begiratzea ahalbidetuz. Horrela agurtu zuten 2015a, lidergoaren konfortetik, eta horrela ekingo diote igandean (Lezama, 11.30) urteko partida garrantzitsuenetakoari. Atletico, bizkaitarrekin batera lehiaketaren erritmoa markatu duen taldea, izango du aurrean Joseba Agirreren tropak. Iraia Iturregik ez du partida erabatekotzat hartzen, baina ez dauka zalantzarik bere inportantzia azpimarratzeko orduan. «Oso garrantzitsua da, batez ere, zorionez, ikuspuntu positibo batetik. Galduta ere, Atleticok harrapatu egingo gaitu, baina ez gainditu, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna eskaintzen digu. Eta irabaziz gero, alde ederra lortuko dugu. Sei puntu eta sartuko diegun presioa, huts bakar bat gehiago ezin dutela egitearen presio hori. Badakigu zein zaila den horrekin jokatzea. Gainera, hurrengo astean Atleticok eta Bartzelonak jokatzen dute, hori ere ezin dugu ahaztu. Irabazteko asko daukagula uste dut». Egoera honetara heltzeko, beharrezkoa izan da atzetik ibilbide sendoa edukitzea. Eta argi dago Athleticena horrelakoa dela. Markak hautsiz, bere historiako zenbaki onenetakoak lortzen ari da. «Errekorrena komunikabideetan irakurtzen dugu, ez diegu estatistikei kasu askorik egiten –aitortu du zuri-gorrien kapitainak–. Baina azken batean zenbaki horiek ondo gaudela esan nahi dute eta hori badakigu. Ondo sentitzen gara, dinamika onean sartu gara hasieratik eta, gauzak horrela, normala da zenbaki onak lortzea». Errendimendu horren oinarria aniztuna da. «Eragina duten hainbat faktore daude. Taldeak ilusio handiz ekin zion denboraldi-aurreari, gustura eta intentsitate handiz entrenatzen ari gara hasieratik, entrenatzaile berriak ondo sartu dira taldean... Eta gainera, hasieratik ikusi dugu entrenatzen duguna zelaian irteten dela, emaitzak ere lehen jardunalditik etorri dira... Dinamika positibo batean sartzen zara, gero eta konfiantza gehiago daukazu eta gauzak errazago irteten dira». Buruaren eraginaren ondorioak urrunago joan daitezke kasu honetan. Azken urteotan hainbat atsekabe pairatu ondoren, eta lehen postuan ikustea sorpresatzat hartu ezin bada ere, Athleticek faboritoen presioa galdu duela ematen du. Iraiak ez luke «hainbeste esango, gure helburua beti delako titulua lortzeko borrokatzea eta denboraldi-aurretik ikusi genuelako urte polita egiteko gai ginela», baina zuri-gorrien mentalitateak nolabaiteko aldaketa izan duela onartzen du. «Baliteke presio aldetik apur bat lasaiago egotea, baina batez ere gainerakoen ikuspuntua kontuan hartuta. Ligako jokalarien artean egindako inkesta baten arabera, Bartzelona eta Atletico dira irabazteko faborito nagusiak eta egia da horrek nolabaiteko lasaitasun puntua eman diezagukeela. Eta egia da halaber, hainbeste kolpe jaso ondoren, gure mentalitatea aldatu ahal izan dela. Lehiakorrak izaten jarraitzen dugu, dena irabazi nahi dugu, baina sailkapenari, estatistikei eta abarrekoei larregi begiratu barik. Aurkariak ondo aztertuz eta ‘partidaz partida’ topikoari zentzu osoa emanez egiten ari gara bidea. Eta emaitza ikusita, horrela jarraitu behar dugula uste dut».