09 ENE. 2016 sokatira Mundukoari begira hasiko da Euskal Herrikoa Gaur hasiko da Goma Gaineko Txapelketa, eta otsailaren14an amaituko da, jarraian jokatuko baitaHerbehereetan Munduko Txapelketa. Parte-hartzaileei dagokionez, ohiko taldeak arituko dira aurten ere. Jon LEUNDA Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa hastera doa, eta gaur bertan jokatuko da aurreneko jardunaldia Laukizko probalekuan, eta han banatuko dira, gainera, aurtengo aurreneko txapelak, mutilen 680koan zuzenean jokatuko baita finala. Neskak ere arituko dira 540 kilokoan, eta hiru talde bakarrik direnez, hemen hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. Mutilen 680koan zuzenean jokatuko da finala; beraz, aurreneko saioa izan arren, gordetzeko ez da ezer izango. Ibarra, Ñapurrak, 6 Conceyos, Abadiño, Sokarri, Zuraide, Murueta eta Beti Gazte izango dira lanean arituko diren taldeak. Lehen saioa izanda, zaila da esatea faboritoa zein izango den, baina garbi dago Abadiño tartean agertzen bada, bizkaitarrak beti faboritoen zerrendan agertzen direla. Ibarra eta Ñapurrak izan daitezke beste bi faboritoak. Txapelketa hasi besterik ez da egingo, baina nondik nora joan daitekeen tankera ematen hasiko da, nahiz eta pisuz aldatzen direnean, gauzak ere aldatzen diren. Nesketan hiru talde bakarrik izango dira, hemen ere ez baita talde berririk agertzen. Ibarra, Badaiotz eta Gaztedi dira parte hartuko duten hiru taldeak. Hirurak ere goi mailakoak dira, eta oso lehia polita izango da. Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, baina lehen egunetik irabaziz hastea komeni da, hiru taldeen artean ez baita alde handirik espero. Atsedenik ez Gaurkoak egin eta gero taldeek ez dute atsedenik izango, bihar bertan izango baitu txapelketak jarraipena, nahiz eta oraingoan neskek jai izango duten, eta mutilek bakarrik izango dute lanerako tartea. Ezpeletako merkatu plazan izango da biharko saioa, 11.30ean hasita. Bi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta hor jakingo da finalean zein talde izango diren. Ibarra, Ñapurrak, 6 Conceyos, Abadiño, Sokarri, Zuraide, Murueta eta Beti Gazte dira maila honetan lanean arituko diren taldeak. Lehen jardunaldian helburua goian ibiltzea izango da, azken batean urtarrilaren 23an Ibarran jokatuko den finalean izatea baita denen helburua Ezuste handirik ez bada, Abadiño, Ibarra edo Ñapurrak taldeek finalean izan beharko lukete, baina garbi dago lehenengo bi egunetan ezingo dela hutsik egin, bestela azkeneko egunean izatea ez baita posible izango. Otsailaren erdian Herbehereetan Munduko Txapelketa jokatuko da, eta ondorioz lehiaketa azkar amaitu beharra dago. Asteburu beteak izango dituzte taldeek, larunbatero eta igandero jokatuko baitituzte saioak, horrela otsailaren 14an azkeneko finala jokatzeko. Gero ere ez dute atseden hartzeko modurik izango, aste bat beranduago, otsailaren 18tik 21era izango delako Munduko Txapelketa, eta euskal taldeak domina bat baino gehiago lortzeko asmoarekin joango dira bertara. Euskal Herriko Txapelketan lan ona egitea garrantzitsua da. Urrestillan jokatuko da Urrezko Aizkorako saioa Urrezko Aizkolarien hirugarren jardunaldia jokatuko da bihar eguerdian, Urrestillako pilotalekuan, 12.30ean hasita. Bertan, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza Arria V.aren eta Mikel Larrañagaren aurka neurtuko dira. Garrantzi handiko norgehiagoka da hau; izan ere, Mugertzak eta Atutxak jadanik irabazi dute jardunaldi bat eta bihar gauza bera egingo balute, euren multzoko lehen postua seguru izango lukete, hirugarren jardunaldiari begira egon beharrik gabe. Arriarentzat eta Larrañagarentzat, berriz, aurreneko jardunaldia izango da. Garaipena lortuko balute lehen postua lortzeko aukera izango lukete, eta galduko balute bigarren posturako lehia izango lukete Leitzan, urtarrilaren 17an, Saralegiren eta Rekondoren aurkako neurketan. Atutxak eta Mugertzak oso itxura ona eman zuten lehen jardunaldian, Saralegi eta Rekondo mendean hartuz. Sekulako joa erakutsi zuten, batez ere iraupen proban. Beraiek dira txapela lortzeko faboritoak, eta biharko saioa irabazteko ere faborito aterako dira. Apustua galdu zuenetik aurreneko saioa izango du, berriz, Arria V.ak. Ikusi beharko da errezildarra nola joango den, baina oraindik sasoiko joango da. Larrañagaren kolpeak ere min egiten du. Errezildarrak eta azpeitiarrak oso bikote arriskutsua eta orekatua osatzen dute, eta lehiaketa honetan kontuan hartu beharrekoa ere bada. J.L.