10 ENE. 2016 Berezkoak Amuletek eta Ezkurrak aurrera egin dute Jon LEUNDA Amuletek eta Ezkurrak lortu zuten atzo Baigorrin Berezkoen Buruz Buruko Txapelketan aurrera egitea, eta bietako inork ez zuen izan, gainera, aparteko arazorik helburua lortzerako garaian. Aurreneko kanporaketak kontatzeko oso gutxi izan zuen; izan ere, Amuletek 40 eta 12 hartu baitzuen mendean Bonebeltxe. Partida hasi aitzin zaleek ez zuten faboritoa zein zen oso garbi. Amuletek irabaztea ez da ezustea izan, baina bai emaitza; izan ere, Bonebeltxek ez zuen ezer ere egin, eta hasi bezain azkar eta atzeko atetik irtenez eman dio lehiaketari amaiera. Itxura oso tristea eman zuen atzo Bonebeltxek. Lehen kintzetik erakutsi nahi izan zuen Amuletek aurkaria baino gehiago zela, eta aparteko indarrik gastatu gabe egin zuen aurrera. Bonebeltxe beti salduta egon zen, eta inoiz ez zuen izan partida irabazteko aukerarik. Amaieran ez zuen markagailua itxuratzerik ere izan. Bigarren kanporaketan bazegoen Paxkal Ezkurra ikusteko gogoa. Superprestigioan aurreneko kanporaketan joan zen kanpora, eta horrek min dezente egin ote zion errezeloa zegoen. Atzo, ordea, Urruñakoak 40-24 irabazi zion Monzeri. Urruñakoak itxura ona eman zuen. Hasieran Monzek eutsi zion, baina apurka-apurka aldea gehitzen joan zen, eta amaierarako honek ere oso garaipen erosoa lortu zuen. Azkenekoan baino itxura hobea eman zuen Paxkalek, baina aurkariak ere ez zuen gehiegi estutu. Hemendik aurrera ikusiko da noraino irits daitekeen Paxkal Ezkurra lehiaketa honetan. Erakargarria Atzoko partidak erakargarriak baziren, gaurkoak ere ez dira gutxiago izango, Agusti Waltariren lehen partida izango baita. Kubakoa ez zen aspaldian horren goiz jokatzen hasi, baina iazko emaitzak ez ziren onak izan, eta aurten horrela tokatu zaio. Bielle izango da amerikarraren aurkaria. Kanporaketa bat jokatuta eta irabazita dator Bielle, eta horrelako pilotariak beti dira arriskutsuak. Ikusgai dago Waltarik nolako jokoa erakutsiko duen gaur arratsaldean. Bigarren kanporaketa ere oso polita dator, Elgart eta Ospital arituko dira elkarren aurka. Ospitalekin itxaropen asko daude, nahiz eta oraindik oso gaztea den. Aurreko kanporaketa jokatu gabe egin du aurrera, baina hala ere gaur zaleek bere alde jokatuko dute dirua. Dena dela, Elgart ere pilotari arriskutsua da. Bera ere gaztea, nahiz eta Ospitalek bezalako izenik ez duen.