11 ENE. 2016 Berezkoak Ongi jokatuz eta itxura oso ona emanez itzuli da lehiaketara Agusti Waltari J.L. Waltarik eta Ospitalek lortu zuten atzo Donapaleun Buruz Buruko Txapelketako hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela. Jendeak ere erantzun ona eman zuen, asko joan baitziren partidak ikustera. Bazegoen Waltari ikusteko gogoa, amerikarrak azkenaldian arazo asko izan dituelako, eta atzo, irabazteaz gain, oso itxura ona eman zuen. Oraindik ez da lehengoa, baina atzo dezente gerturatu zen. Defentsan, batez ere errestoan, ez zen oso fin ibili, baina hortik aurrera gauzak nahiko ongi egin zituen. Amerikarrak, gainera, bi kanporaketa pasatu zituen bat-batean. Alde batetik, atzokoa, eta ondoren baita hurrengoa ere. Lanberten aurka jokatu behar zuen, baina honek atzo iragarri zuen ez zuela jokatuko, min hartuta dagoelako. Ondorioz Waltarik hori ere gainditu du. 43 minutuko iraupena izan zuen Bielleren aurkako partidak, eta amerikarrak 40-22 irabazi zuen. Lehen kintzetik aurreratu zen Waltari, eta horrelaxe jarraitu zuen partidan zehar, gero eta alde handiagoa egiten joan baitzen, eta amaieran garaipen erosoa lortu zuen. Saketik, 14 egin zituen Waltarik, eta 10 Biellek. Jokoan amerikarrak 19 egin eta 2 galdu zituen, eta Biellek 10 egin, eta 7 galdu. 2-0, 4-4, 12-5, 20-7, 29-16, 33-19 eta 40-21 izan zen markagailuaren mugimendua. Bigarren kanporaketan Ospitalek 40-28 hartu zuen mendean Elgart, 63 minutuan. Saketik, 10 egin zituen Ospitalek, eta 8 Elgartek. 3-0, 8-2, 12-4, 30-15, 37-20 eta 40-28 izan zen markagailuaren mugimendua. Jokoan, Ospitalek 20 kintze egitea lortu zuen, eta 6 galdu zituen, eta Elgartek, aldiz, jokoan 14 kintze egin zituen atzo, eta 10 galdu zituen guztira.