Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Shiraishi eta Garnbret, etorkizuna ez,oraina idazten ari dira

14 urteko Ashima Shiraishik blokean hiru 8b+ egin berri ditu. Horietako bat, «Phenomena», soilik 30 minutuan sinatu du. 16 urteko Janja Garnbretek kirol eskaladan bi 8c flashean kateatu ditu Katalunian.

Ashima Shiraishi eta Janja Garnbreten izenak gero eta hurbilagoak dira orriotan. Biak ala biak nerabeak dira: Shiraishi estatubatuarrak 14 urte ditu eta Garnbret esloveniarrak 16. Nahiz eta oso gazteak diren, eskaladaren munduan egiten ari diren jarduera batzuk nagusien mailara iritsi dira. Eta kasu zehatz batzuetan gainditu egin dituzte. Beraz, ezin dugu etorkizunaz hitz egin, baizik eta orainaldiaz.

Shiraishiren kasuan, Gabonetako oporretan Japonian izan da. Aukera izan du blokeko es pezialista handia den Dai Koyamadarekin egoteko. Honek Hinokagen dagoen “Phenomena” blokea erakutsi zion; 8b+ gradukoa eta igoera bakarra duena.

Azken hilabeteotan bezala, eskalatzaile estatubatuarrak ez zuen batere arazorik izan bloke hori poltsikoratzeko. Jakina, notizia ez da 8b+ egin duela (urrian eta azaroan bana erdietsi zituen), baizik eta zenbat denbora eskatu dion. Eta harrigarria bada ere, “Phenomena” blokea igotzeko soilik 30 minutu behar izan zituen! 14 urteko eskalatzaileak onartu duenez, bera ere “mutu” geratu zen: «Gauza bat da blokearen lehen errepikapena egitea, baina ordu erdi batean sinatzea... Ia ez dut sinisten».

Irakurtzen den legez, urritik abendura arte 8b+ bana egin ditu, eta aurretik beste bi zituen. Bost 8b+, guztira. Emakumeen artean Shiraishi da gradu horretako bloke gehien dituena.

Flashean

Aurreratu dugun bezala, bigarren protagonista Garnbret dugu. Duela gutxi, 16 urteko esloveniarra orriotatik pasatu zen lehen aldiz. Aipatu genuen Eslovenian bertan 8c+ zailtasuneko bide bat soilik lau saiotan egin zuela.

Gabonetan, berriz, Kataluniara eginiko bidaian ahoa bete hortz utzi gaitu; hain zuzen ere, nazioarteko lehietan parte hartzen duen Esloveniako selekziokideekin bidaiatu du. Shiraishik ez bezala, Garnbretek kirol eskaladan jardun du. Eta onartu behar zaio flash eran zein bistan lortu dituen emaitzak bikainak baino bikainagoak direla.

Santa Linyako eskalada eskolan jo eta su jardun du, eta flash eran “Rollito Sharma extension” eta “La Fabelita” bideak poltsikoratu ditu. Biak ala biak 8c zailtasunekoak dira. Datu argirik ez dago, baina hori lortu duten emakumezkoak bakan batzuk baino ez dira izango.

Gazte esloveniarra bistan ere ez da atzean geratu, eta azpimarratzekoa da “La ruta del sol” bidea (8b) kolkoratu duela, eta beste bat 8a+ gradukoa.