Lorentxa, Ibon, Aitzol, Txus, Iñaki, Josetxo...
Aurten negua berandu heldu zaigu eta berarekin batera ohiko marranta, gripe eta eztulak ere hemen ditugu. Ai, zer gaizki nagoen, gaua eztulka eman dut, ohean nago sukarrak jota... entzuten dugu han-hemenka. Erremedio, botika eta sendagai andana eskura, egun txar batzuk pasatuta, badakigu, konplikaziorik ezean, laster itzuliko garela eguneroko zereginetara. Halere, gaixotasunak hartzen gaituenean zein ahul eta babesgabe sentitzen garen! Eta hori, etxearen gozoan, ondo artatuak eta osasun zaintza egokia ez zaigula falta.
Makalaldi tarteok izadiaren menpeko izakiak garela gogorarazten digute eta, noizbehinka, hori ere ondo datorkigu. Egunerokotasunaren martxatik halabeharrez apartatuta, ohearen epelean geure buruaz errukitzen garenean, munduko zoritxarra gure gainera etorri balitz bezala eta sendagaiak eraginik izango ote duen beldurrak bueltaka, beste burutazio sakonagoak egiteko ere parada izaten da gaixotasuna.
Esaterako, gure barrura etengabe begiratzeko joeratik aldenduz, «barruan» gaixo daudenen larruan jartzekoa. Bi minutu baino ez dira behar haien egoeraren gordintasunaz jabetzeko. Adibidez, une hauetan bertan, nola eramango du Lorentxa Guimonek bere eritasuna? Nola egiten die aurre espetxeko gabeziei eta tratuari? Nola eusten dio? Eta bere familia eta lagunek, nola bizitzen dute desmasia hau? Preso egonagatik, ez ote dute haiek ere osasun arreta izateko eskubidea? Eta artatze egokia bermatzeko, beren etxekoen ondoan izatekoa? Lorentxa, Aitzol, Ibon, Iñaki, Txus... ETXERA YA!!