Saralegik eta Rekondok finalerdiak jokatuko dituzte
Bikote leitzarrak hiru minututik gorako aldea atera zien atzo Arria V.ari eta Mikel Larrañagari.
Jon Rekondok eta Ruben Saralegik lortu zuten atzo Leitzako Amazabal pilotalekuan Binakako Urrezko Aizkorako finalerdia jokatzeko aurreneko txartela Arria V.ari eta Mikel Larrañagari irabazi ostean.
Atzoko saioarekin A multzoa bukatuta geratu da, jokatu beharreko hiru neurketak izan baitira. Ondorioz, Atutxak eta Mugertzak amaitu dute lehendabiziko postuan, eta beraiek izango dira finala jokatuko dutenak, aurrenekoa zuzenean sailkatzen baitzen, eta Jon Rekondok eta Ruben Saralegik, berriz, finalerdia jokatu beharko dute, B multzoko bigarren sailkatuaren aurka, finalean hiru izango baitira. Arriak eta Mikel Larrañagak, berriz, agur esan behar izan zioten atzo lehiaketa honi, jokatu dituzten bi norgehiagokak galdu egin baitituzte, eta biak gainera alde handi samarrarekin.
Atzo Leitzako Amazabal pilotalekuan jokatu zen neurketa estua iragartzen zen, baina leitzarrek uste baino askoz ere errazago irabazi zuten, bukaeran hiru minututik gorako aldea atera baitzuten. Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen, eta horien ostean proba bakoitzeko denbora guztiak batzen dira, eta horiek ez dute hutsik egiten. Lan guztiak burutzeko 22 minutu eta 17 segundo behar izan zituzten Saralegik eta Rekondok, eta Arria V.ak eta Larañagak, berriz, 25 minutu eta 34 segundo egin zituzten.
A multzoa amaituta, B multzoa falta da bukatzeko. Horretan oraindik bi saio geratzen dira, eta hor arituko da, gainera, O’Toole australiarra. Datorren astean Lakuntzan Otaegiren eta Lopezen aurka jokatu beharko du bere estreinaldian, eta txapelketa honetan Iker Vicente gaztea izango du lagun. Saio oso garrantzitsua izango da, gainera; izan ere, Lezaungoak eta Zizurkilgoak irabazi egin zuten aurreneko jardunaldia Iñaki Azumendiren eta Donato Larretxearen aurka, eta datorren asteko norgehiagokan gauza bera egiten badute, finalerako zuzenean sailkatuko dira.
Vicentek eta O’Toolek irabaziko balute, berriz, dena azkeneko jardunaldian erabakiko litzateke, orduan hiru bikoteek izango bailituzkete aurrera egiteko aukerak. Beraz, datorren asteburuko saio hau erabakigarria izan daiteke. Finalean hiru izateak ere indar handia eman dio txapelketa honi, eta aurtengo lehiaketan azkenera arte denek izango dute amaierako saio horretan izateko aukerak.
O’Toleren agerraldiak ikusmina piztu du, beretzat lan azkar hauek egokiak izan daitezkeelako, nahiz eta tartean iraupen proba bat ere badagoen. Aspaldian ez da Euskal Herrian izan, eta zaleek ikusi nahi dute bere lana. Horrenbestez, Lakuntzan jende asko batuko dela aurreikusten da. Garbi dago Vicente II.ak eta biek iraupen probara iritsi baino lehen amaitu nahiko dutela, edo ia erabakitzeko bidean utzi. Biak oso aizkolari azkarrak dira, eta proba motz horietan ikaragarrizko mina egin dezakete.
Badaiotzek irabazi du emakumezkoen txapela
Goma Gaineko Sokatira Txapelketan, Badaiotzek jantzi du emakumezkoen mailako denboraldiko aurreneko txapela. Saio oso estuak izan dira asteburu honetan, eta joan den astean gasteiztarrek lortutako garaipenari esker irabazi dute arabarrek.
Bi jardunaldi jokatu dira asteburu honetan, eta bietan emaitzak errepikatu dira. Herenegungo saioan, Badaiotzek eta Gaztedik berdinduta amaitu zuten euren arteko norgehiagoka, eta bi taldeek Ibarra mendean hartu zuten. Ondorioz, sailkapen nagusian aurreneko jardunaldian Badaiotzek lortutako puntu haren abantailarekin jarraitzen zuen lehen postuan.
Atzo Bermeon jokatu zen azkeneko saioa, eta herenegungo emaitzak errepikatu ziren. Badaiotzek eta Gaztedik berdindu egin zuten, eta biek irabazi zioten Ibarrari; ondorioz, Badaiotz geratu da txapeldun, Gaztedi bigarren eta Ibarra hirugarren.
Mutilen 640koan ere jokatu da lehen faseko bigarren eta azkeneko saioa, eta orain finala bakarrik geratuko da jokatzeko. Ibarra, Ñapurrak, Abadiño, Sokarri, Murueta eta Beti Gazte izango dira azkeneko jardunaldian arituko direnak. Txapela datorren larunbat arratsaldean Ibarrako pilotalekuan jokatuko den finalean erabakiko da. Ibarra etxean arituta faborito aterako da. J.L.