19 ENE. 2016 Berezkoak Bilbaok uste baino askoz errazago lortu du finalerdiak jokatzeko txartela Jon LEUNDA Bilbaok lortu zuen atzo Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finalerdiak jokatzeko azkeneko txartela, Ospitali final-laurdenetako kanporaketan 40 eta 12 irabazi ostean. Ikusmin handia piztu zuen norgehiagokak, behetik indarrean etorri diren bi gazte zirelako elkarren aurka, biak, gainera, egungo onenetakoak bihurtu dira. Dirua nabarmen atera zen Bibaoren alde, baina inork gutxik pentsatuko zuen horrelako aldea izango zenik, jendeak partida orekatua izatea espero baitzuen. Alabaina, Bilbao jaun eta jabe izan zen hasieratik bukaerara. Ez zion Ospitali inongo aukerarik eman, eta honek ere ez zuen egun ona izan. Ondorioz, itxurarik gabeko norgehiagoka izan zen. Hasi ongi hasi zen Ospital, aurreneko bi kintzeak bereak izan baitziren, 0-2 aurreratuz, baina gero jarraian 13-1eko partziala sartu zuen Bilbaok, eta bidea egiten hasi zen. Denek Ospitalen erreakzioa espero zuten, baina hori ez zen etorri eta amaieran ia izerdirik atera gabe lortu zuen garaipena Bilbaok, Ospitalek ia itzalik ez baitzion egin partida osoan zehar. Partidak 45 minutu iraun zuen. Saketik 13 tanto egin zituen Bilbaok eta bat besterik ez Ospitalek. Jokoan irabazleak 18 kintze egin zituen eta galdu bi besterik ez zituen egin. Ospitalek, aldiz, 9 kintze egin zituen eta beste horrenbeste galdu zituen. Markagailuaren mugimenduak hauexek izan ziren: 0-2, 2-2, 13-3, 17-4, 22-5, 27-6, 36-5 eta 40-12. Finalerdiak jadanik erabakita daude, eta Arrangoitzen jokatuko da ostiralean aurrenekoa. Han Ducassouren eta Bilbaoren arteko norgehiagoka ikusi ahal izango da, eta igandean, berriz, Waltari eta Larralde lehiatuko dira nor baino nor Arrangoitzeko trinketean. Bi irabazleek jokatuko dute finala eta Larralde eta Ducassou dira bi finalerdiak irabazteko faborito nagusiak.