23 ENE. 2016 Aizkora Iritsi da O’Toole australiarra lanean ikusteko eguna Iker Vicente gaztea lagun duela, Otaegiren eta Lopezen aurka neurtuko da gaur eguerdian Lakuntzan. Jon LEUNDA Binakako Urrezko Aizkoran egun garrantzitsua izango da gaurkoa, agian bigarren finalista ere ezagutzeko aukera izango delako gaur, baina horren guztiaren gainetik, O’Toole australiarra ikusteko aukera izango da. Lehen ere Euskal Herrian izana da, baina Urrezko Aizkoran aurreneko aldiz lehiatuko da. Herrialde hartako aizkolaririk handienetakoa da, eta maila eman nahi du Euskal Herrian. Ozeaniako kirolaria Iker Vicente lagun duela arituko da gaur eguerdian 12.00etan Lakuntzan jokatuko den saioan. Aurrean, Juanjo Lopez eta Joseba Otaegi izango dituzte. Gipuzkoarrak eta nafarrak euren eskuetan daukate finalerdia jokatu beharrik gabe finalera iristea. Lehen jardunaldian mendean hartu zituzten Donato Larretxea eta Iñaki Azurmendi, eta gaur ere gauza bera egingo balute, Atutxarekin eta Mugertzarekin batera finalean izango dira. Galtzen badute ere oraindik izango dute aukerarik azken jardunaldian; izan ere, finalean hiru lehiakide arituko direnez, multzo bakoitzeko bigarrengoek finalerdia jokatu beharko dute. Beraz, gaurko saioa oso garrantzitsua izango da. Otaegik eta Lopezek irabazten badute, finalean izango lirateke, eta azkeneko jardunaldia irabazi beharko lukete Vicentek eta O’Toolek Azurmendiren eta Larretxearen aurka, bestela, finalerdietan azken hauek izango lirateke. Gaur Vicentek eta O’Toolek irabaziko balute, multzoko sailkapena azkeneko jardunaldian erabakiko litzateke, bai aurreneko postua eta bai beste biak. Emozioa handituko litzateke. Ikusgai Larunbat eguerdian ez da unerik onena jendea hurbiltzeko baina aizkorako zaleek O’Toole ikusteko gogoa daukate. Australiako lanak hemengoekin alderatuta ezberdinak dira, lanerako erabiltzen dituzten enborrak ere ez dira berdinak. Hango lanak azkarrak eta laburrak dira, hemen, berriz, luzeak, baina itxura ederreko aizkolaria da bera. Hala ere, Urrezko Aizkora izan daiteke australiarrari ongien joan dakiokeena; izan ere, hemen lan laburrak eta azkarrak izaten dira gehienak, azkenekoa kenduta, eta hura ere ez da oso luze horietakoa. Garbi dago aurreneko probetan min handia egin dezakeela. Gainera, sasoi betean dagoen laguna izango du alboan; izan ere, Iker Vicentek sekulako urtea egin zuen aurrekoa, oraindik 18 urte besterik ez dituen arren. Txapelketa honetarako ere ilusio handia agertu du. Azkeneko egun hauetan ozeaniarra ere hemen dabil, eta Ikerrek entrenatzeko denbora ere izan du. Biek oso bikote arriskutsua osatu dezakete, eta askok finalean ikusten ditu. Otaegik eta Lopezek ere ongi daudela erakutsi zuten aurreko norgehiagokan, eta gauzak estutu eta ahal badute irabazi eta finalean sartu nahiko dute gaur bertan. Nafarrak eta ozeaniarrak hasierako lanetik atera nahiko dute aldea, eta hor kontuz ibili beharko dute Otaegik eta Lopezek, min handia egin diezaieketelako. Izetaren marka saiakera Izeta II.ak marka saiakera egingo du bihar arratsaldean, 17.00etan Iraetako pilotalekuan. Han, bertako harriarekin arituko da lanean. 107 kilo pasa pisatzen ditu eta bola da. Azkeneko urte hauetan txapelketa egin izan dute Iraetan harri berezi honekin, baina aurten Izetaren marka saiakera jarri dute. Aiako kirolari beteranoak hamar minutuko txanda bakar bat izango du lanerako, eta tarte horretan ahalik eta jasoaldirik gehien egiten saiatuko da Joxeramon, gerora ere hor geratu daitekeen marka handi horietakoa jarri nahiko baitu gipuzkoarrak. Aiarra honelako harriekin oso trebea da, eta seguru gaur ere lan handi bat egingo duela, zaleek horrekin ez dute inongo zalantzarik. Iraupen luzeko markak ere bat baino gehiago egin ditu. Baina bera bakarrik ez da izango gaur Iraetako pilotalekuan lanean. Izeta II.a izango da protagonista nagusia, eta berak eramango du arretarik handiena, baina gero erakustaldi moduan Izeta IV.a eta eta Izeta III.a ere han izango dira euren saioa egiteko. Honelakoetan ohikoa izaten den moduan, aizkolariak ere ez dira faltako, Arria V.a eta Mikel Larrañaga jardungo direlako lantegi horretan. Urrezko Aizkoran bikote izan dira, baina amaitu dute lehiaketa horretako jarduna, kanpoan geratu baitira, eta gaur elkarren aurka arituko dira. Eguraldia ere ona dago iragarrita, eta igande arratsalde eder bat pasatzeko aukera izango da Zestoako auzo honetan. J.L.