GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Hezetasunak lehen finalerdia atzeratu du

Bilbaok eta Ducassouk Arrangoitzen jokatu beharrekoa ostiralean jokatuko da.


Hezetasunak lehen kolpea eman dio Berezkoen Buruz Buruko Txapelketari; izan ere, Bixintxo Bilbaok eta Battitte Ducassouk jokatu behar zuten finalerdia bertan behera geratu da. Herenegun gauean zen jokatzekoa, baina Arrangoitzeko trinketa ez zegoen aritzeko moduan. Ondoren, atzo arratsalderako jarri zuten ordua, baina atzo ere gauzak ez ziren aldatu, okerrera egin zuen, eta datorren ostiralean, 20.00etan, jokatuko da leku berean.

Hemendik bi astera jokatuko da finala, eta eskerrak astebeteko tartea zegoen, hasiera batean atsedenerako asteburua baitzen hurrengoa, baina azkenean lehen finalerdia izan behar zuena, bigarrena izatera pasatuko da, baldin eta gaur Armendaritzen gauza bera gertatzen ez bada.

Izan ere, gaur 17.00etatik aurrera jokatuko da Armendaritzen, Waltariren eta Larralderen arteko norgehiagoka. Ikusmina piztu du partidak. Larraldek abenduan lortu zuen Berezkoen Superprestigioko finala irabaztea, eta finalerdietara ere oso itxura ona emanez iritsi da. Ezkurra menderatu zuen, Urruñakoari 40-32 irabazita. 22 urte besterik ez ditu, baina maila ikaragarria duen pilotaria da. Artista dela esaten dute aditu askok, aurrelari fin eta on horietakoa delako. Bakarka jokatzeko ere ahalmen ikaragarriak ditu, eta aurten ere txapela lortzeko faborito nagusietako bat da Battitte Ducassourekin batera.

Waltari izango du aurrean, eta amerikarrak aspaldian dagoen ongien dagoela erakutsi du. Hiru kanporaketa gaindituta heldu da finalerdi hauetara, nahiz eta kanporaketa bat jokatu beharrik ez zuen izan, aurkariak min hartu eta uko egin behar izan ziolako. Lesio larria ere gainditu du, eta garbi dago gora egin duela.

Lehen zuen freskotasun hori falta zaio, pilotari lehen ematen zion abiada hori ez dio ematen, baina pilota gutxiago huts egiten ditu, eta sakearekin orain ere min egiten jarraitzen du. Jakin badaki finala jokatzea zaila izango duela, baina galtzeko ere gutxi izango du. Txapelketetan inoiz baino presio gutxiago izango du, eta hori bere mesederako izango da. Dirua Larralderen alde aterako da hasieratik, eta gero emaitzaren arabera joango da mugitzen.