25 ENE. 2016 Berezkoak Larraldek bere agintea erakutsi dio Waltariri, eta finalerako txartela lortu du Jon LEUNDA Ez da ezusterik izan, eta Larraldek lortu zuen atzo Berezkoen Buruz Buruko finala jokatzeko aurreneko txartela, Waltariri 40 eta 26 irabazita. Armendaritzen jokatu zen neurketa hau, eta harmailak erabat bete egin ziren. Dirua 100-50 atera zen Larralderen alde. Waltari itxura ona emanda iritsi da finalerdi hauetara eta zaleek bazuten beregan ere itxaropenik, baina atzokoan Larraldek ez zion barkatu. Amerikarrak, gainera, hutsak ere dezente egin zituen, eta Larralde, oraindik oso gaztea izan arren, oso trebea da, eta aukerarik txikiena baliatzen du tantoa finitzeko. Lehen hamabi kintzeetan oreka izan zen, baina hamabina berdindu ostean, Larraldek ihes egin zuen markagailuan, eta gero eta alde handiagoa lortzen joan zen. Waltarik ezin izan zion aurre egin, aldea gehitzen zihoan heinean, amerikarrak gero eta beherago egin baitzuen, eta amaieran Larraldek lortu zuen helburua. Saketik 9 kintze lortu zituen Larraldek, eta hiru gutxiago Waltarik. Jokoan, irabazleak 18 egin eta 5 galdu zituen; eta Waltarik, berriz, 15 egin eta 13 galdu zituen. Partidak 50 minutu iraun zituen. Markagailua, berriz, honela mugitu zen: 3-0, 5-5, 11-11, 12-12, 20-14, 24-18, 30-22, 36-24 eta 40-26.