Jon LEUNDA
sokatira

Denboraldiko gizonezkoen bigarren txapela ere Muruetak irabazi du

Bizkaitarrek 680koa eraman zutenean, denek ezustetzat jo zuten, bainadenboraldi batean bi finalak beregatzen dituenean, zerbaitegatik da.

Muruetarena jadanik ez da ezustea. 680 kilokoa irabazi zuenean, denen ahotan zebilen ezustea, baina herenegun Ibarran 640ko finala ere irabazi egin zuen, eta bi finaletik biak irabazten direnean, ez da kasualitatea izaten, eta talde berri samarra den arren, maila handiko tiralariak ditu, eta oraingoz Euskal Herrian onena izaten ari da.

Ibarran jokatu zen finala ikaragarria izan zen. Aurreko bi saioetako sei talderik onenak neurtu ziren, eta maila ikaragarria ikusi zen. Denak Abadiñori begira zeuden, azken urte hauetan nagusi izan baitira, baina berdeak oraingoz ez daude unerik onenean, herenegun laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Tiraldi bikainak izan ziren, eta amaieran Murueta izan zen denetan onena, txapela jantziz. Bigarren postua eraman zuen Beti Gaztek. Hirugarren sailkatu zen Ñapurrak taldea. Ezpeletakoek ere lan handia egin zuten, eta Muruetarekin izan zuten tiraldian eztabaidak ere izan ziren, faltengatik eraman baitzuen Muruetak. Laugarren postuan sailkatu zen Abadiño, bosgarren Sokarri, eta azkena sailkatu zen Ibarra. Baja dezente zituen talde moreak, eta hori ere nabaritu zuten gipuzkoarrek.

Nesken 500 kiloko lehen jardunaldia ere jokatu zen Ibarran, eta kasu honetan Gaztedi izan zen garaipena lortu zuena. Bigarren sailkatu zen Badaiotz eta hirugarren Ibarra. Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta oraindik edozer gerta daiteke, baina irabazten hasteak sekulako garrantzia dauka. 540koan, esaterako, Badaiotzek eraman zuen txapela, eta arabarrek lehen saioa irabazita lortu zuten txapela, beste bietan berdinean amaitu baitzuten.

Harri-jasotzea

Izeta II.ak marka ona egin zuen atzo Iraetan, bertako Errota Harriari 60 jasoaldi emanda hamar minutuko txanda batean. Harri berezi hau bola da, eta 108 kilo pisatzen ditu. Aiarrak lan bikaina egin zuen, nahiz eta amaieran jota amaitu zuen.

Jasoaldiak hirunaka eginez joan zen. Hiru jasoaldi egin, eta atsedentxoa hartu, horrela joan zen ia amaierara arte, bukaeran lan handi bat lortu arte, atzetik datorrenak ere hori hobetu beharko baitu. Ez zen jende gehiegi hurbildu saioa ikustera, baina joan zirenek eskertu zuten bere ahalegina, txalo zaparrada handia entzun baitzuen amaieran aiarrak.

«Marka honi garrantzi handia ematen diot, ez baitut denbora asko izan hau guztia prestatzeko. Hasiera batean, antolatzaileek txapelketa egin nahi zuten, azkeneko urte hauetan bezala, baina hori ezin izan dute antolatu, eta azkenean marka hau egiteko eskatu zidaten», esan zuen Izeta II.ak. Harri honek zailtasunak ere izan zituela adierazi zuen Aiako harri-jasotzaile beteranoak. «Bero egiten zuen, eta erretxina ere ez zen behar bezala atxikitzen. Dena dela 60 jasoaldi horiekin pentsatuta etorri naiz, baina gero hasiera nola joan den ikusita eta gertatzen zena ikusita, apur bat beldurtu naiz, baina azkenean lortu dut nahi nuena», esan zuen. Hurrengo helburuen artean, San Blas egunean Abadiñon bere semearekin egingo duela saiakera adierazi zuen.