30 ENE. 2016 afizionatuak Aurrera Saiaz eta Pagazpe, Amezketako finalerako prest A.A. Aurreko larunbatean hezetasunak behartuta bertan behera gelditu zen Euskal Herriko Kluben II. Txapelketa Nazionaleko finala bihar jokatuko da Amezketan. Jaialdia 17.00etan hasiko da eta aurrez aurre neurtuko diren bi elkarteak Tolosa-Bidegoianeko Aurrera Saiaz eta Usurbilgo Pagazpe izango dira. Jende dezente espero dute Larrunarri pilotalekuan eta antolatzaileek denbora apur batekin joateko deia egin dute. Azken orduko aldaketarik ez bada, jaialdia Iñaki Elola eta Quinaren arteko lau eta erdiko partidarekin hasiko da. Quina irtengo da faborito. Zumarragakoak Zubiria eta Etxeberria utzi ditu finaletik kanpo, baina Elolak ere baditu aukerak –Mikel Larrañagari irabaztetik dator eta–. Bigarren norgehiagokan, kantxa osoan buruz buru, Beñat Urretabizkaia ikaztegietarraren alde daude pronostikoak. Bikain moldatzen da joko era horretan eta ederki ezagutzen du pilotalekua, Amezketan bertan Joxan Tolosa txapelketa ere irabazi baitzuen. Xabier Santxo usurbildarra izango du aurkari, espezialista ona eta pilotari borrokalaria. Irabazi nahi duenak lanak ongi egin beharko ditu. Azkenik, binaka, Eneko Labaka-Xabier Telletxea eta Xabier Urbieta-Aitor Gorrotxategi bikoak neurtuko dira. Bikote konpentsatuak dira; edozeinek irabaz dezake, eta ikuskizunari begira onena finala neurketa honetan erabakitzea litzateke. Bi aurrelariek badakite tantoa amaitzen, eta atzean Telletxearen gaztetasunaren eta Gorrotxategiren esperientziaren arteko dema polita izatea espero da.