J.L.
Berezkoak

Battitte Ducassouk uste baino errazago lortu du finala jokatzeko txartela

Battitte Ducassouk lortu zuen herenegun gauean, Arrangoitzen, Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finala jokatzeko txartela, Bilbaori 40 eta 18 irabazita. Txapela nork eramango duen datorren igande eguerdian erabakiko da Baionako Modernen, eta han izango dira Battitte Ducassou eta Peio Larralde aurrez aurre. Hasieran aurreikusten zen finala izango da.

Sekulako jendetza batu zen Arrangoitzeko trinketeko harmailetan bigarren finalerdia ikustera, sarrera guztiak agortu egin baitziren. Lehia estua espero zuten bertaratutakoek, baina Ducassouk ez zuen horretarako aukerarik eman.

Lehen kintzeetan bi berdinketa izan ziren, baina hortik aurrera markagailuan gora ihes egin zuen Ducassouk. 11-5 jarri zuen Ducassouk, eta gero ez zen kolorerik izan, Bilbaok ez baitzuen irabazleari aurre egiteko modurik aurkitu. Norgehiagokak 56 minutu iraun zuen. 

Saketik 15 tanto egin zituen Battitte Ducassouk, eta hor sekulako triskantza egin zuen, Bilbaok 3 besterik ez baitzituen lortu. Jokoan, berriz, 18 kintze egin zituen Ducassouk, eta galdu, berriz, 3 besterik ez. Bilbaok, 12 egin zituen eta 7 galdu zituen. Markagailuak hauek erakutsi zituen: 1-0, 1-1, 3-3, 11-5, 18-10, 22-12, 34-14, 39-18 eta 40-18.