Etxeberria eta Saralegi ere, munduko finalera
Aitor Senosiain eta Eloy Kortxero kanporatu zituzten Agurainen jokatu zen saio erabakigarrian.
Ruben Saralegi eta Felix Etxeberria sailkatu ziren atzo, Agurainen, aizkolarien Munduko Txapelketako finala jokatzeko. Finalean izango dira baita ere Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako txapeldunak, Vicente II.a, Atutxa, Jauregi eta Azurmendi, alegia, eta baita ere O’Toole australiarra eta Italiako eta Txekiako txapeldunak. Antolatzaileek Suitzako eta Frantziako txapeldunak ere han izatea nahi dute, baina hori oraindik zalantzan dago.
Proba azkarrak izan zituzten atzo jokatu ziren kanporaketetan, eta elkar kanporatuz joan ziren bi 45 ontzako ebakiz. Hiru espainiar ere izan ziren atzo, horietako bat ezaguna, Juan Rodriguez segoviarra askotan izan baita lehen ere Euskal Herrian, baina gehienentzat ezezagunak ziren Dani Lopez eta Esteban Muñiz asturiarrak, eta inork ez zuen aparteko lanik egin.
Hamasei aizkolari izanik, final-zortzirenak jokatuz abiatu ziren, eta lehen kanporaketan Kintana arabarra eta Lopez asturiarra neurtu ziren, eta euskal aizkolaria jaun eta jabe izan zen, bi 45 ontzako mozten minutu eta 25 segundoko aldea kenduz. Ondoren Aitor Jauregi eta Kortxero neurtu ziren, eta azken honek 27 segundoko tartea kenduz lortu zuen sailkatzea.
Saio azkarrak
Hirugarren kanporaketan Eneko Saralegik segundo bakar batez menderatu zuen Lopez. Ruben Saralegik, berriz, 25 segundoko tartea kendu zion Oier Kañamaresi, eta Felix Etxeberriak 42 segundo atera zizkion Muñiz asturiarrari.
Julen Kañamaresek ere erraz kanporatu zuen hirugarren espainiarra, izan ere, 54 segundo kendu zizkion Rodriguez segoviarrari. Mieltxo Mindegiak, 11 segundo atera zizkion Pellejerori, eta Senosiain II.ak 25 Etxeberria II.ari.
Ondoren, bi enbor moztu behar izan zituzten, eta oraingoan finalerdietarako txartela izan zuten jokoan. Kortxerok bost segundogatik bakarrik utzi zuen kanpoan Kintana. Saralegi anaien arteko neurketan, berriz, zaharrenak, Rubenek, aise menderatu zuen Eneko, amaieran minutu eta 16 segundoko tartea kenduz. Felix Etxeberriak, berriz, 15 segundo atera zizkion Kañamares III.ari, eta Senosiain II.ak bi segundo besterik ez Mieltxo Mindegiari.
Beraz, finalerdiak falta ziren jokatzeko, eta horko bi irabazleek lortzen zuten Munduko Txapelketako finalean aritzeko txartela. Alde batetik, Eloy Kortxero eta Ruben Saralegi neurtu ziren, eta nafarrak erraz lortu zuen finalerako txartela. Lehen enborra mozten alde dezentea kendu zion, eta bigarrengoan errematea eman zion. Berea egiteko, 4 minutu eta 30 segundo behar izan zituen, eta 5 minutu eta 45 segundo, berriz, Kortxerok. Beste neurketan, Felix Etxeberria eta Aitor Senosiain neurtu ziren, eta hemen ere alde handi samarrak izan ziren, bukaeran minutu pasatxoko aldea atera baitzion Sunbillako aizkolari beteranoak. Bereak 2 minutu eta 48 segundoan amaitu zituen, eta 4 minutu eta 49 segundo behar izan zituen Senosiainek.
Datorren asteburuan jokatuko da Urrezko Aizkorako lehen faseko azkeneko kanporaketa, eta hemendik bira izango da Munduko Txapelketarako bigarren kanporaketa, eta han Gipuzkoako eta Bizkaiko aizkolariak neurtuko dira. Ipar Euskal Herrikorik ez da arituko lehiaketa honetan.
Sokatiran, betikoek egin dute aurrera
Asteburu honetan jokatu da Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako bigarren eta lehen faseko azken saioa 600 kiloan, eta ez da ezusterik izan, betikoek lortu baitute finalean izateko txartela. Horrela, datorren astean jokatuko den finalean, Ibarra, Ñapurrak A, Abadiño, Sokarri, Murueta eta Beti Gazte sartu dira. Orain arte bi final jokatu dira, eta bietan Murueta izan da txapelduna. Aurrenekoa lortu zutenean ezustetzat jo zen, baina bi irabaztea ez da kasualitatea, eta hemen ere oso kontuan hartu beharko da, eta oraingoan bai aterako dela faborito.
Nesketan 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatu zen. Hiru talde besterik ez dira aritu lanean, eta hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko da. Oraingoan Badaiotz izan da nagusi, eta bigarren Gaztedi eta hirugarren Ibarra. Horrek dena azkeneko jardunaldian erabakiko dela esan nahi du, izan ere, sailkapen nagusian berdinduta baitaude Gaztedi eta Badaiotz. Ibarrak ez du txapela lortzeko aukerarik. J.L.