GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Memoriaren ahanzturak


Azkenaldian pentsatzen hasia naiz astroren bat pare-parean dudala ni proban jarri nahian. Eta hor ari naiz, azken gertakizunen atzean unibertsoak niretzat gordeta daukan lezioa zein ote den asmatu nahian.

Hemen luze joko luke duela hilabete batzuk etxeko ordenagailua nola «galdu» nuen kontatzeak. Kontua da egun batetik bestera «desagertu» egin zitzaidala. Eta berekin batera, noski, bertan gordetzen nuen dena. Idatziak eta batez ere, argazkiak. Azken urteotako opor bidaiak, familiako bazkariak, lagunekin egun-pasak... denak di-da, ezabatuta. Desagertuta.

Eta aste honetan bertan laneko ordenagailuak goiz batean ez esnatzea erabaki zuen. Kieto. Eta hiru egun pasa nituen dena galdu nuelakoan. Baina ez, lankide batek (eskerrak!) lortu zuen ozta-ozta nire dokumentuak berreskuratzea.

Salduta geratu nintzen, galduta, zer egin ez nekiela, hasieran. Eta nire ehunka argazkiekin gogoratu nintzen, nire oroitzapenen altxorrarekin.... Eta umezurtz sentitu nintzen.

Tristea da gure iragana tramankulu bati konfiantza osoz uztea, inoiz hutsik egingo ez digula sinetsita. Huts egiten duen arte.

Ikasi beharreko lezioa zein den asmatu bitartean pentsatuko dut argazkiak bai, betirako joan zaizkidala, baina oroitzapenak nirekin ditudala (ezagutzen nautenek primeran dakitenean nire memoria zein “xelebrea” den).

Baina zer egingo diogu, nire oroitzapenekin geratuko naiz, jakinik denak ez direla bene- benetakoak, oroimena fikzioa besterik ez dela. Eta egin dezakedan onena oroitzapen berriak sortzea dela. Gaur bertatik hasita.