12 FEB. 2016 IKUSMIRA Sortzaileen profanazioaz Amalur Artola Kazetaria Hil honetan jakin dugu azkenean Japoniako Fiskaltzak 800.000 yeneko (6.080 euro) isuna ezarri nahi diola Megumi Igarashiri, orain bi urte bere baginaren 3D erreplikak egin izanagatik; obszenitatea omen. Epaiketan, Artearen Historian aditua den unibertsitate irakasle batek haren lanean ez duela halakorik ikusten onartu zuen baina, nonbait, haren hitzak ez du askorik balio. Horrek arlo honetan dabiltzanei ematen diegun tratuaz –eta, beraz, balioaz– pentsatzera eraman nau. Eta Smithsonian Folklifekin gogoratu naiz. Euskal kultura AEBetako kultura jaialdi handieneko gonbidatu berezia izango da aurten eta, Arantza Tapiak azaldu zigunaren arabera, oraingoz kultur arloan nork ordezkatuko gaituen ez badakigu ere, ondo zehaztuta dago bertaratuko den enpresari oldearen agenda, garrantzitsuena «Euskadiren promozioa egitea» –ekonomikoa, noski– delako. Kulturak, bost. Arteari zaion begiruneaz galde diezaiotela Abel Azconari ere, ostia kontsakratuen harira (ia?) gurutziltzatu eta “profanazioa” egotzita deklaratzera “deitu” –tira, Twitter bidez behintzat bai– dutena. Edota Hansel Cerezari, berak erein ez zituen “espektatiba” haien zurrunbiloan «su-artifizialekin amaitu bazenu publikoa poltsikoan zenuke» esaldi bikainarekin agurtu genuena. Edota hautsak hartutako Krea-ri begira dauden sortzaileei… Gehiago ala gutxiago gustatuko zaizkigu artisten sorkuntzak, artea, ororen gainetik, subjektiboa eta pertsonala baita. Baina isunak, salaketak edota gutxiespenak normaltzat jotzea beste zerbaiten sintoma dela uste dut. Bestela esanda, agian obszenoa, iraingarria eta profanatzailea zenbaitzuek artearekiko eta kulturarekiko duten begirunerik eza dela.