Histeria
Pasatu dira inauteriak, eta iritsi dira emakumeen kontrako erasoen zenbaketak, jakinak. Auskalo zenbat emakumezko gehiago fisikoki jazarriak eta duintasunean urratuak izan ote diren. Festa-giroaren ajeak dira, oraindik ere uste orokorregiaren ustez: alkoholaren, aztoramenaren eta anabasa orokorraren ondorio tamalgarri bezain saihetsezinak, zenbait burugabe zakildunen ekintza isolatuak. Ez dute zerikusirik emakumeok objektu sexualtzat dituen jendartean haztearekin, emakumeoi sexu ahularen aipu beltza egotzita gizonen nagusitasun eta harrapari-sena hezi eta elikatzearekin, bereziki jaietako eszitazio-giroan hedatzen den inpunitate-sentsazio ohi baino handiagoarekin...
Hortaz, inolako harremanik ez emakumezko aurpegia duten langabeziak eta pobreziak, soldata-arrailak, emakumeon esku utzitako kontziliazio eskasak, zaintza guztiz feminizatuak, esparru publiko zein pribatuko jazarpen eta eraso sexualek, erailketa matxistek, mundu osoko emakumeen egoera kaskarragoak... aditzera eman eta berresten digutenarekin, hau da, emakumeok azpiratuta jarraitzen dugula eta badagoela nor ugari prest halaxe jarrai dezagun eta argi gera dakigun.
Hain zuzen, horiek zabaltzen dute ironiaz eta gaitzespenez, adibidez sexu-erasorik gabeko jaiak aldarrikatzen ditugunean, adibidez festa parte-hartzaile eta parekideak exijitzen ditugunean, etenik gabe, feministon paranoiaz, jendarte osora izurri beltza balitz bezala zabaltzen ari garen histeria feminista kolektiboaz. Zer eta gure gorputz eta nahien mugak argi izanda aktiboki defendatzen ditugulako, baita gure eskubideak ere; nork bere emakumetasunak bizi duelako eta harro agertzen garelako, inori baimena eman gabe nor eta zer izan behar dugun guri inposatzeko; gure arnasguneak, sareak, babesak... zabaltzen eta sendotzen ditugulako, burua zut aurrera begira; bestelako jendartean sinesten dugulako eta tinko diogulako geu ere aldaketen eragile nagusi garela; finean, emakumeon ahalduntzea esparru guztietan eta nonahi elikatzen ari garelako.
Histeria da (hystéra berba grekotik: uteroa), RAEren arabera, egoera anomalo batek eragindako asaldura iragankorra. Beraz, bai, jaunak: emakumeok egoera anomaloak, bidegabeak, bizi ditugu egunero, eremu guztietan, eta, hotz utzi barik, asaldatu eta mugiarazi egiten gaituzte... baina ez, jaunak, mugimendu feministak iragankorretik ez du ezer, ezta hurrik eman ere. Has zaitezte ohitzen.