GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Euskal Herriak beste hiru domina lortu ditu azkeneko egunean


Brontzezko hiru domina lortu zituen atzo Euskal Herriko selekzioak, Herbehereetan jokatu den Goma Gaineko Munduko Txapelketako azkeneko jardunaldian. Amaierako balantzeak oso ona behar du, nahiz eta urrezko dominaren hutsunea hor duten.

Neskek ez zuten hutsik egin, eta 500 kilokoan brontzezko domina kolkoratu zuten. Emakumezkoek jokatu dituzten proba guztietan lortu dituzte dominak, nahiz eta Euskal Herriko Txapelketan hiru talde besterik ez diren aritu.

Mistoek ere ez zuten hutsik egin, eta hemen ere proba guztietan lortu dute domina. 600 kilokoan brontzezko domina lortu zuten atzo. Mutiletan ere brontzezkoa izan zen, pisu arinean; pisu astunetan ez baitira Euskal Herriko tiralariak oso ongi moldatzen. 600ekoan lortu zuten domina.

Euskal Herriak 13 domina kolkoratuta amaitu du aurtengo Mundu Txapelketa. Zilarrezko lau domina eskuratu ditu, eta bederatzi brontzezko. Ez da marka makala, segur aski azken urte hauetako onena izango da. Tartean, ordea, urrezko domina bat falta da. Baina euskal tiralariak ez dira “Euskal Herria” taldean bakarrik aritu, baita “Frantzia”-ren izenpean ere, eta horiek ere dominaren bat lortzeko itxaropenez joan dira, batez ere Ñapurrak taldearekin, baina gauzak ez zaizkie nahi bezala atera eta ez dute zer lortu.

Taiwan izan da lehiaketa honetako protagonista nagusietako bat. Euskal tiralarien amesgaiztoa izan da, finalak euren aurka galdu baitituzte. Garbi utzi dute haiek euren tiratzeko erari aurre egitea oso zaila dela. Oso kolpe biziak jotzen dituzte hasieran, eta hor eramaten dituzte saioak.