GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Inaxio Perurena 305 kiloko harria bizkarrean berdintzen ahaleginduko da


Inaxio Perurenak marka saiakera egingo du gaur, 12.30ean, Leitzako Amazabal pilotalekuan. Bertan, leitzarrak 305 kiloko harri errektangularra berdindu nahi du bizkarrean, eta horrela marka pertsonal bat ezarri. Bost minutuko txanda bat izango du horretarako.

Leitzarrak 300 kilokoa berdintzea lortu zuenetik ezin izan du beste markarik burutu. Hurrengo ahaleginak 303koarekin izan ziren, baina ez zuen lortu, eta orain bi kilo gehiago erantsi dizkio, eta horrekin joango da. Atzo Euskadi Irratiari eginiko adierazpenetan esan zuenez, bera sasoiko dago, une oso onean dago eta hori baliatu nahi du marka hau lortzeko.

Etxean jasota omen doa, normala den moduan, eta gaur ere harria bizkarrean berdintzeko itxaropen osoa agertu du harri-jasotzaile nafarrak. Lortuko balu, hirugarren postuan geratuko litzateke. Markarik handiena Mieltxo Saralegik dauka, eta bigarren Iñaki Perurena dago, Inaxioren aita. Hiru hauez gain, Gibitegi dago 300 kilokoa jasota. Jendeak ere erantzungo du, sarrera ez baita ordaindu behar, nahiz eta borondatea eskatuko duten, kostuei aurre egiteko. Bertaratuko diren guztiek ikusi nahiko dute 305ekoa bizkarrean berdintzen, eta ziur asko emango diote bultzada.