28 FEB. 2016 Berezkoak Luku gazteak beteko du Irisarrin min hartuta dagoen Ximun Lanberten lekua J.L. Aldaketarekin abiatuko da Berezkoen Binakako Txapelketako bigarren jardunaldia; izan ere, gaur ez da Irisarriko trinketean Ximun Lanbert arituko. Ospital du bere bikotea eta Larralderen eta Gixanduten aurka jokatu behar zuten, baina arazo fisikoak ditu, eta bere ordez Luku gaztea arituko da. Lau pilotari gazte izango dira aurrez aurre, baina Larralde eta Gixandut lehen ere faborito baldin baziren, gaur oraindik eta faboritoago izango dira. Lukuk onenekin ez dauka inongo eskarmenturik, eta aurrean oraindik gutxi du Ospitalek. Hala ere, neurketa jokatu egin behar da, eta ez dute presiorik izango, galtzeko ez baitute ezer eramango, eta irabazteko, berriz, asko izango dute. Ospitalentzat lehen partida izango da gaurkoa, pasa den astean atseden egitea tokatu baitzitzaion, eta Larraldek eta Gixandutek euren partida irabazi egin zuten. Aurretik, 16.00etan, Bigarren Mailako partida jokatuko da Irisarriko trinketean, han lehiatuko dira Goikoetxea eta Lamure alde batetik, eta Intxauspe eta Amulet bestetik. Azken bikote hau da maila honetako faboritoa, baina lehen jardunaldian galdu egin zuten. Lehen postu horretan amaitzeko itxaropenei eusteko gaur irabaztea besterik ez zaie geratzen, bestela Lehen Mailara pasatzeko ametsa zapuzten hasiko baita. Gaurkoan ere bi partidak ikustera jende asko biltzea espero.