01 MAR. 2016 IKUSMIRA Jakina badela gure historia Maider Iantzi Kazetaria Eugenio Gonzalezen, Yolanda Gonzalezen aitaren, begi urtsuak, 19 urterekin ultraeskuindarrek bahitu, torturatu eta hil zuten alabari plazatxoa eskaintzean. 36 urte geroago, Deustuibarran, etxetik eta eskolatik hurbil. Manu Cabacas, Iñigo Cabacasen aita, bart gauean semearekin solasean Ugarteko bere lekuan jarri behar duela erran eta Iñigok «showman» horrekin bi minutu ere ez galtzeko eskatu diola kontatzen. Pasai Donibaneko Victor Hugo etxea senidez beteta, Dioni Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas gogoan. Umeak ez dira gelditzen gurasoen besoetan eta harrituta begiratzen diete kamerei. Gaztetxoak, berriz, irmo, 1984ko segadan gertatu zenaz jakitun. Helduen begiak sakonagoak dira, 32 urtez irentsitako sufrimendua, inpotentzia eta amorrua gordetzen baitute. Ondoan, «Estatuak ez du bere burua ikertzen; Poliziak ere ez», diote abokatuek. Baina gauza bat seguru dute ikerketan aitzinera egiteko, egiara iritsi arte: jendearen babesa. Lagun aunitz daude bide berean, eta Sartagudako albiste ona arnasa berria da. 1936an 84 gizon hil zizkieten herrian, 64 emakume alargun eta 135 ume aitarik gabe utzita; gazteek babesten dituzte zaharrak. «¿Podemos pasar?». Kamera bizkarrean hurbildu dira aita fusilatu zioten gizon baten etxera. «¡Hombre!». Biloba galdezka hasi zaio: «Abuelo, ¿tu madre cómo te contó lo que le pasó a tu padre?». Aitonaren begiak dir-dir. Gazteek sarraskiaren zergatia jakin nahi dute eta testigantzak grabatzen ari dira dokumental bat egiteko. «Jakina badela gure historia», diote.