04 MAR. 2016 Berezkoak Biellek eta Ducassouk irabazi beharra daukate, aurrera egin nahi badute J.L. Biellek eta Ducassouk, Binakako Txapelketa hau irabazteko bikote faboritoetako batek, gaur izango du Txapelketa honetako aurreneko garaipena lortzeko aukera paregabea. Eurek emango baitiote hasiera hirugarren jardunaldiari gaur, Arrangoitzen, Laurent Lanberten eta Ezkurraren aurka. Jaialdia 19.00etan hasiko da, eta bigarren partida izango da maila nagusikoa. Bi bikoteek behar dute irabaztea; izan ere, Lanbertek eta Ezkurrak ere ez dute oraindik garaipenik lortu. Hori bai, bikote honek bi neurketa jokatu ditu jadanik. Gaurkoan, Bielle eta Ducassou aterako dira faborito, nahiz eta euren aurkariak partida handi bat jokatuta datozen, nahiz eta galdu. Aurretik, Bigarren Mailako partida jokatuko dute, eta bertan, Etxegarai eta Lazkano Elgarten eta Benessen aurka arituko dira. Jardunaldiko azkeneko partida bihar arratsaldean jokatuko da Maulen, eta hemen ere maila nagusiko neurketa bigarrena izango da. Bertan, Waltari eta Bilbao Ospitalen eta Ximun Lanberten aurka neurtuko dira. Azken honek pasa den astean ezin izan zuen jokatu, eta bere ordez Luku gaztea aritu zen. Badirudi oraingo honetan jokatzeko moduan izango dela. Aipaturiko bikoteak jokatutako bi norgehiagokak galdu ditu, eta Waltari eta Bilbao, aldiz, biak irabazita daude. Oso bestelako egoeran daude bi bikoteak. 15.30ean abiatuko da jaialdia, eta aurrenekoan, Monze eta Bonebeltxe Goikoetxearen eta Lamourren aurka neurtuko dira, Bigarren Mailako partidan.