15 MAR. 2016 Arestik erabaki zuen kentzea Berriki topatu dira Donostiako etxebizitza batean Gabriel Arestiren bi poema, gaztelaniazko bertsioan, hain zuzen, «Harri eta herri» hartako I eta N letradun poemak. Antza, Orixe sarira aurkeztutako lan originalean zeuden bi zati dira, gero, 1964an Zarauzko Itxaropena argitaletxearekin liburu moduan argitaratzea erabaki zuenean, kendu zituenak. Hipotesien arabera, aurreko polemikei ihes egitearren apartatu zituen bildumatik. Ariane KAMIO BILBO 1963an aurkeztu zuen Gabriel Arestik (Bilbo, 1933-1975) “Harri eta herri” estilo berriko poema bilduma Orixe sarietara eta, irabazi ondoren, handik urtebetera liburu gisa argitaratu zen Zarauzko Itxaropena argitaletxearekin. Obra irekia da idazle bilbotarrak utzitakoa, 41 urterekin izandako heriotza goiztiarrak eta sakabanatuta utzitako lanek susmoa pizten baitzuten osorik deskubritu gabeko autorea zela, eta dela oraindik. 1980ko hamarkadan, ikerketa lan sakon baten ondoren, bere lan osoa hamar liburukitan argitaratu zuen Susa argitaletxeak Karmelo Landak –EHUko irakasle eta Arestiren obran adituak– eta beste ikertzaile batzuek osatutako taldearen lanari esker. Material osoa bildu eta argitaratu zutelakoan zeuden, baina ez. Aresti, oraindik ere, erabat ezagutzen ez den autorea da eta berriki egin den aurkikuntza batek froga dezake baieztapen hori. Donostian, Ramon Maria Camiña eta Arantxa Sese senar-emazteen etxean, “Harri eta herri”-ren argitaratu aurreko gaztelaniazko ale original bat aurkitu da. Oinordekorik gabeko bikotearen etxean topatu dute, eta Mikel Prieto irakaslea eta Ibon Sarasola hizkuntzalaria lanean jarri ditu. Baita Landa bera ere, arrastoaren gainean zantzu gehiagoren bila. Gaztelaniazko itzulpena da. Olivetti makinaz eta tipula paperarekin idatzitako jatorrizko zaindua. «Jende askok, batez ere Bilbo inguru honetan, ez zekien euskaraz. Eta berak (Arestik) nahi zuen euskaraz ez zekien jendearengana heltzea bere poesia, batez ere ‘Harriaren zikloa’ deitzen dugun hau», nabarmendu du Landak. Hala, poema liburua bera ele bitan argitaratu zuen, eskuinaldean euskarazko jatorrizko testuekin eta ezkerraldean gaztelaniazkoekin. Baina “Harri eta herri”-k bazituen bere hutsuneak, eta Landa eta ikertzaile taldea jabetuta zeuden horretaz. «Bigarren partean amaitzen zen poema bat, H letra zeramana, on Joxemiel Barandiarani eskainia, eta gero hutsune bat zegoen. Hurrengo poemak J letra zekarren. Hau da, I hizkia falta zen nabarmen», gogorarazi du. Eta liburuan aurreraxeago, ber gauza N letrak eragiten zuen hutsunearekin. Hain zuzen, I letrari dagokiona da “Al misterioso señor Discípulo, a modo de perdón de sus ofensas” deitzen den poema, euskarazko bertsioan oraindik ezagutzen ez dena. Hiru zati ditu, “Rioja libre” –«Oraingo kalimotxoa da, garai hartan Bilbon horrela deitzen zitzaion»–, “Benedictino” –«Benedictine likorea»– eta “Agua tónica”. Beste aurkikuntza, N poema –“Versos nuevos puestos a Arruza”–, “Gabriel Aresti. Poesia argitaragabea” bilduman argitaratu zuten Landak eta kideek euskarazko bertsioan, jakin gabe, bere garaian, “Harri eta herri”-n falta zen N poema zela. «Bosgarren liburukian eman genuen, 43. orrialdean. ‘Euskal komedia’ tituluarekin sartu genuen, baina, jakina, ez genuen lotzen ‘Harri eta herri’-rekin», ohartarazi du. Beraz, orain falta dena da I poemaren euskarazko originala. Izan ere, Landaren aburuz, argi geratzen da bi poema horien jatorrizkoak euskaraz idatzi zirela, eta gaztelaniazkoa itzulpen bat baino ez dela. «‘Euskal komedia’ irakurtzen baduzu, berehala ikusiko duzu neurria eta errima dituela. Errimatua eta neurtua dago. Aldiz, gaztelerazko bertsioan ez. Eta gainera, ‘Harri eta herri’ liburuan, salbu azken partean tartekatzen dituela euskara eta gaztelera, poema guztiak daude orrialde noblean euskaraz emanda, esan nahi duena euskaraz sortuak izan zirela. Gero moldatu zituen gaztelerara inolako neurkerarik eta egitura poetikorik gabe», argudiatu du. Bi poema horiek erretiratzearen arrazoiak ugariak izan daitezke, baina Landak dituen hipotesien arabera, Miguel Arruzarekin aurretiaz izandako polemika bati egiten dio erreferentzia batek, eta hortik ihes egitearren kendu zuen. Bestetik, poema horiek apartatzeko beste arrazoien artean kokatu du Arestik poetika berri bat bilatzeko zuen nahia, eta liburu honekin lortu zuena. Zentsura ez zen izan, bederen, bi zati horiek erretiratzearen leitmotiva. «Literalki zentsoreak hau esan zuen 1964an ‘Harri eta herri’ liburu proiektua irakurri zuenean: ‘Su contenido es aceptable. Minimizando puede hacerse la observación a lo subrayado en página 85’. Eta orrialde horretan ‘Egunda santimamina’ poema bakarrik dago», esan du. Arestirena obra irekia dela azpimarratu du Landak; «gazteegi hil zen 41 urterekin, obra sakabanaturik utzi zuen». Eta beraiek lan osoa biltzen saiatu baziren ere, oraindik bada bidean geratzen den izkribu aurkitu gaberik. Egiteke, gauza asko. Horien artean, euskal kulturak duen hutsuneetako bat betetzea, artxibo propio bat, biblioteka nazional bat, Arestiren eta beste autoreen obren originalak leku bakarrean gorde eta ikertzaileen kontsultarako eskuragarri egon daitezen. EDIZIO ZAINDUA «Arestik asko zaintzen zuen edizioa. Berak egiten zituen originalak eskuz idatziak edo bestela Olivetti makina batekin. Han idazten zituen tipula paperarekin bere lanak, eta gero lagunen artean banatzen», gogoratu du Karmelo Landak.