16 MAR. 2016 GUTUNAK Ertzainak Bilboko Ingeniaritza Eskolan JOSE RAMON ETXEBARRIA BILBAO EHUko irakaslea Herenegun gauean ertzainak sartu ziren nire eskolan. Zertara? Herri Unibertsitatea aldarrikatzen ari ziren ikasleak identifikatu eta, haien borondatearen kontra, kanpora ateratzeko. Horraino albistea, bihotzaren muineraino mindu nauena. Gogoan dut oraindik Unibertsitatea ideien eta protesten aterpetxe zen garaia. Ez ditut sekula ahaztuko Leioako campusean eginiko manifestazio, itxialdi, gose-greba eta gainerako protestak, campusaren barruan inolako jazarpenik jasan ez zutenak. Zenbat horrelako ez ote ziren izan pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan! Ikasle, irakasle eta langileak ziur sentitzen ginen campusean, unibertsitateko eremua babeslekua baitzen, Erdi Arotik zetorren tradizioaren bidetik, elizak babesgune ziren era berean, edo enbaxadak aterpe (gaur egun Assange lekuko). Ertzainak sarrerako atetik kanpo geratzen ziren Barbera errektore zela. Pauso bat ere ez zuten ematen handik aurrera. Tabua zen; erabateko debeku onartua. Irakasle despedituokin eten zen tradizioa. Goiriena errektorearen garaian hautsi zen katebegia, eta ordutik aurrera dena aldatu zen. Ertzainak jaun eta jabe bihurtu ziren, nagusi, kolpeak eta detentzioak noiznahi banatuz lau haizetara; hori bai, zinpeko guarda militarizatuen laguntza estimagaitzaz. Unibertsitateko agintariek «inozentzia» galdu zuten orduan, eta Poliziaren erabilera sustatu zuten; zeren, ez dezagun ahaztu, eurek deiturik aritzen baitziren besteak. Noiz berreskuratuko ote du gure unibertsitateak ideien askatasuna babesteko zentzuna? Edota protestei arrazoiekin eta argudioekin erantzuteko zentzuna? Edozelan ere, agintariek jakin behar lukete ezen historian zehar unibertsitatean sortu diren ideia askatzaileak protesta bidez abiatu zirela eta erreprimituak izan zirela hasieran, eta lehenengo unean ikasleen aurkako erasoek ideien hazi berriak birrindu eta etorkizuneko arbolaren kimu emankorrak inausten dituzten arren, beti sortuko direla hazi eta kimu berriak ideia horiek kemen berrindartuz defendituko dituztenak. Zer urrun dagoen EHUren “Eman ta zabal zazu” lema sinbolikoa! Neure elkartasunik beroena eta besarkadarik bihozkorrenak atzo eskolatik kanpo indarrez ateratako ikasleoi.