Banakako Urrezko Aizkora Zegaman abiatuko da
Alkizalete II.a, Urteaga, Elorriaga II.a, Beltza, Resano,Zaldua, Herrero eta Garcia aizkolariak arituko diragaur iluntzean, 19.00etatik aurrera, Zegamakopilotalekuan. Bi multzotan jardungo dira.
Urrezko Aizkora hastear da. Binakakoa amaitu zela hilabete baino gehiago da, eta hemendik ekainera bitarte banakakoa jokatuko da, eta hiru mailatan lehiatuko dira. Alde batetik, maila nagusikoak izango dira, bestetik 23 urtez azpikoak, eta azkenik 19 urtez azpikoak.
Maila nagusiko aurreneko kanporaketak gaur jokatuko dira, 19.00etatik aurrera, Zegamako pilotalekuan. Bertan, Alkizalete II.a, Zaldua, Elorriaga II.a, Urteaga, Beltza, Resano, Herrero eta Garcia izango dira.
Aizkolariak bi multzotan neurtuko dira, eta bakoitzeko onenak egingo du aurrera. Lehen egun honetan lana ere ez dute handia izango, baina aurreko urteetako labur horietakoa ere ez. Hasteko, bi 60 ontzako moztu beharko dituzte, gero, zutikako 45 ontzako bat, eta ondoren etzaniko kana-erdikoa eta 60 ontzako bat moztu beharko dituzte.
Berrikuntzen artean, hiru nabarmentzen dira. Batetik, Elorriaga II.a. Zumarragakoa aurreneko aldiz iazko udan agertu zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako kanporaketan, eta orain jarraipena izango du. Elorriaga I.a aizkolariaren semea da hau. Bestetik, Hermenegildo Herrero eta Alvaro Garcia daude. Biak ere Segoviakoak dira eta aurrenekoz ikusi ahal izango ditugu Euskal Herrian, bai behintzat lehiaketa batean. Lehendik Juan eta Juanillo Rodriguez askotan aritu dira, eta tarteka Toledano ere izan da, baina bi hauek lehen aldiz izango dira Urrezko Aizkoran.
Jendeak aizkolari berriak ikusteko gogoa izaten du, eta horretarako aukera ederra izango du gaur Zegaman. Txapelketa honetan egun dauden aizkolari gehienak ikusi ahal izango dira, eta guztien gainetik Aitzol Atutxa izango da faboritoa, azkeneko urteetan nagusi agertu baita.