GARA Euskal Herriko egunkaria
HILBERRI

Buruarekin eta bihotzarekin eutsiz, gorputzak huts egin dion arte


«Burua eta bihotza beti Euskal Herrian daukagu baina behar den adina eutsiko diogu, hemen izan edo Txinan izan». Hitzok 1989an, Panaman deportatuta zeuden beste hiru kiderekin batera, esan zituen Miguel Angel Aldanak, igandean zendutako Gorozikako semeak. Heriotzak Venezuelan harrapatu zuen. Urte asko zeraman han, 70eko hamarkada bukaeran errepresiotik ihesi Ipar Euskal Herrira iritsi eta gerora hainbat herrialdetan behartuta egindako egonaldietan hamaika gorabehera pairatu ostean.

Lapurdin bertan ezagutu zituen lehen atxiloketak, ez behin eta ez bitan, hiru alditan baizik. 1981ean, 1984an eta 1985ean eraman zuen Polizia frantsesak atxilo, eta Yeu uhartean konfinamendua ere ezagutu zuen. Azken atxiloaldia, ordea, betiko Euskal Herritik apartatuko zuena izan zen. Izan ere, 1985eko hondarretan, Parisek Ekuadorrera kanporatu zuen, Alfonso Etxegarairekin batera. Biek ala biek, bertako polizien etengabeko zaintzapean zeudela, beren bizitzan ahaztuko ez zuten desmasia pairatu zuten, 1986ko urtarrilaren 8an polizia espainolek eta ekuadortarrek, eskuz esku hartuta, bahitu eta basaki torturatu zituztenean.

Pasarte malapartatu hura gaindituta, beste bi urte egin zituen herrialde hartan, Eugenio Etxebesterekin, besteren artean, 1988ko martxoan Dominikar Errepublikara eraman zuten arte. Ez zen hor amaitu bere deserriko joan-etorri derrigortua, ordea, urtebetera Panamako lurretara lekualdatu baitzuten. Han bizi izan ziren bera eta beste hiru kide, oinarrizko babes juridikoa bermatuko liekeen dokumenturik ere izan gabe.

Setiatuak

Hala harrapatu zituen Noriega diktadorea boteretik botatzeko Ameriketako Estatu Batuek egindako eraso militarrak. Borrokaldien erdian lau deportatuak eta haietako baten emazteak, nola edo hala Nuntziatura Apostolikoan babestu ziren, non eta Noriegak berak egun batzuk geroago aterpea bilatuko zuen leku berean.

Bi astez, Noriega entregatu zen arte, Vatikanoko enbaxada armada estatubatuarren tankez eta soldaduez setiatua egon zen. Hango ardura zuen Sebastian Laboa artzapezpiku donibandarrak beste herrialde «seguruagora» eramanak izateko egindako tramiteei esker, Panamatik atera eta Venezuelara iritsi ziren 1990eko otsailaren 10ean.

Han, 80ko hamarkadatik zeuden beste euskal errefuxiatu politikoen erkidegoan integratu zen bizkaitarra, baina, deserrian izanik ere, bere bizimodua lasai berregiteko ez zioten beta askorik utzi. 1996tik, besteak beste “ABC” egunkariak “Venezuelako santutegia” desegiteko kanpainari ekin ostean, Gobernu espainola bere eta beste deportatu batzuen estradizioa eskatzen hasi zen. Jazarpen horren harira, bitan atxilotu zuten, 1996an eta 1999an, baina estradizioa ez zen gauzatu.

Azken urteak hala eman zituen Aldanak, segurtasunik gabe, erdi-ofizialki bizitzen eta duela urte batzuk agertu zitzaion gaixotasun larriari aurre egiten. Orain aste batzuk konplikazio batek bere osasuna erabat kaskartu zuen eta igandean zendu zen, 67 urterekin, bere etxekoak alboan zituela.

Bide luzea, oztopoz betea, eta, gehiena, hainbeste maite zuen Euskal Herritik kanpo. Bitartean, duela bost urte testuinguru politiko berria sortu bazen ere, Madrilek eta Parisek jarraitzen dute uko egiten munduan zehar Aldanaren antzeko egoeran dauden hainbat iheslariren aferari, ezta gizalegeak agintzen dituen minimoen bidetik ere, irtenbidea emateari. Hori salatu zuten atzo, Zornotzan, Angelinek Euskal Herria ahaztu ez zuen bezala, herrikideek ere bera ez dutela sekula ahaztu argi erakutsiz.