11 ABR. 2016 Mundua objektiboaren bestaldetik Argazki Bileraren XXIV. edizioak Maria Antonia Garcia de la Vegaren natura argazkilaritza, Diego Aldasororen irudien poetika eta argazkigintza garaikidea lantzen duten autoreen lanak ekarri ditu Zarautzera. Azken honetan, jatorri ezberdina duten eta genero ezberdinak lantzen dituzten 28 argazkilariren lanak ikusi ahalko dira. Maiatzaren 1a bitartean, Photomuseumek, Sanz Eneak eta Zazpi galeriak hartuko dituzte erakusketa hauek. Última actualización: 11 ABR. 2016 - 06:40h GARA ZARAUTZ Abian da Zarauzko Argazki Bileraren XXIV. edizioa eta, urtero legez, objektiboaren beste aldetik hartutako hango eta hemengo irudiek janzten dute hiri gipuzkoarra egunotan. Edizio honetan ere, aurrekoetan bezala, argazkilaritza genero ezberdinak landu ohi dituzten artistak dakartza Argazki Bilerak Zarautzera eta, besteren artean, argazki erreportajeak, argazkilaritza artistikoa edota natura argazkilaritzako lanak ikusteko aukera egongo da hiriko puntu ezberdinetan. Hiru erakusketak osatuko dute Argazki Bileraren edizio honen zutabea, eta horien egoitza izango dira Photomuseum (San Ignacio, 11), Zazpi galeria (Kale Nagusia, 21) eta Sanz Enea (Nafarroa Kalea, 22). Lehenean, Maria Antonia Garcia de la Vegaren lanak izango dira protagonista. “Memorandumnatura” izenpean, Garcia de la Vega naturara itzultzeko joeraz mintzatuko zaigu bere argazkien bidez: «Naturara itzultzeko joera eternoa ez da ustekabeko zerbait, ez da sistematikoa, ezta ere programatutakoa, beharrezkoa baizik. Maria Antonia Garcia de la Vegaren argazkietan panteismo natural hau aurkitzen dugu: irudi xume, delikatu eta leunen bitartez natura bere intimitatean begiztatzen uzten digute», azaldu dute Photomuseumetik. Erakusketa hau asteartetik igandera bisita daiteke, 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Zazpi galeriak Diego Aldasororen lanen bidez osatutako “Itsasoaren artean / Entre mares” erakusketa du ikusgai, apirilaren 24ra bitartean. Autorearen hitzetan, erakusketa honek egunerokoaren eta poetikoaren arteko elkarrizketa jartzen du mahai gainean: «Itsasoa bizitza eta heriotzaren metafora da. Baita paisaia eta esperientzia ere. Nire amona Isidra, itsasoa eta memoria da. Eta askari batean hilezkortua geratu da». Zazpi galeriak 18.00etatik 20.00etara zabaltzen ditu ateak eta igande eta jaiegunetan baita 12.00etatik 14.00etara ere. Azkenik, Sanz Eneak autore ezberdinen irudiak bateratzen dituen “Nazioarteko argazkigintza berria XXI. mendea” erakusketa hartuko du, maiatzaren 1a bitartean. Erakusketa hau osatzen duten 28 argazkilariek, gaur egun XXI. mendean argazkigintza garaikideak jarraitzen dituen bide desberdinak erakusten dituzte, antolatzaileen hitzetan. Munduko leku ezberdinetan (Portugal, Alemania, Italia, Brasil, AEB, Venezuela, Letonia eta Uruguai, besteak beste) sortutako argazkilari hauek «alderdi guztietatik begiratzeko era berri bat irudikatzen dute». Erreportajea, argazkigintza dokumentala, erretratua, argazkigintza artistikoa, argazki-kazetaritza eta esperimentala lantzen dituzte. Erakusketa hau egunero egongo da ikusgai, 18.00etatik 20.00etara bitartean. NATURA «Maria Antonia Garcia de la Vegaren argazkietan panteismo natural hau aurkitzen dugu: irudi xume, delikatu eta leunen bitartez natura bere intimitatean begiztatzen uzten digute», azaldu dute antolatzaileek.