Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Prostituzioa bera

Frantziako Asanblea Nazionalak erabaki du prostitutak «bezero bila» aritzeagatik jazartzeari utzi eta haien bezeroak zigortzen hastea. Jakin nahiko nuke bilaketa hori zertan zetzan legean, ez baita gauza bera kalean gizonezkoei txistuka ibiltzea, erakarri nahian, edo norbere etxean egotea inork txirrina jo zain, inor hori izanda norbere horren zerbitzu eske datorrena, ezta?

Batik bat lehenengoak ibiliko ziren estu eta larri orain arte Frantzian, eta halaxe egongo dira munduko leku askotan, lan egin ahal izateko ikusgai egon behar izanda zigor ez ditzaten ikusezin jokatu nahirik. Etengabe gaizkileen, bortxatzaileen, poliziaren... jomugan, horixe kale gorrian ogi bila dabiltzanen zama erantsia, munduko prostituta guztiek jasan beharreko arriskuei erantsia.

Niri beti ematen dit sentsazio bera prostituzioarekin loturikoak arautzen hasten direnean. Ematen du hein handi batean oro har biztanleriaren begi-bistatik kentzea izaten dela xede nagusia, alegia, kaleak zentzu horretan bizimodu «errespetagarria» daramagunontzat garbitzea, eta dagoeneko ekonomikoki pobrezian nahiz sozialki baztertuta eta gaitzetsita dagoena, puta, are zokoratuago eta babesgabeago uzten dela, klandestinitatera bultzatzen den neurrian.

Izan ere, halaxe gertatu ohi da, prostituzioa gehiago edo gutxiago egon badagoelako, eta egongo delako, ikusi ala ez, berau egoteko arrazoiek (miseria, beharra, estutasuna, ia beti; emakumeak objektu sexualtzat dituzten gizarte-sistemak, beti) beren horretan jarraitzen duten bitartean. Herrialdeek, ordea, emakumeen salerosketa alde batera utzita, kezkatuago dirudite prostituta edo bezeroa edota biak jazartzeaz, edo ez bata ez bestea, jarduera legala, legez kanpokoa ala alegala bihurtuta. Ez dirudite prest prostituzioaren izanari berari eta berau hain hedatuta egoteko jatorriari behar bezalako azterketa- eta eztabaida-tarte sakonik eskaintzeko, prostitutei eurei emanda lehen hitza, ahots nagusia.

Iruditzen zait, sexua tartean den guztietan bezala, jendarteek beldur izugarria diotela ispilu aurrean begiratzeari eta, behingoz, zirt edo zart egiteko erabaki zintzoa hartzeari. Bitartean, moral bikoitzaren baitan segitzen dute tarteka legeren bat egiten.

Frantziak Prostituzio Sistemaren Kontra Borrokatzeko eta Prostituitutako Pertsonak Laguntzeko Legea deitu dio bereari, lagundu benetan nori lagunduko ote dion, eta nola, batere argi ez badago ere.