16 ABR. 2016 Behar gehien dutenak laguntzarik gabe ez uzteko eskea Gipuzkoako Aldundiari GARA DONOSTIA Gipuzkoako Aldundiak «migrazio isuria»-ren mamua astindu du 1.400 familiari Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL-AGI) kentzeko; hori salatu zuten hamaika herritarrek foru instituzioaren aurrean. Atzo arratsaldean egin zuten kontzentrazioa, herritar talde baten deialdiari erantzunez. Makina bat eragile batu ziren “Eskubide guztiak herritar guztientzat, murrizketarik ez” leloarekin egin zen elkarretaratzera. Han ziren, besteak beste, Kaleratzeak Stop eta SOS Racismo. EH Bildu, Podemos, CCOO, ELA eta LAB ere Markel Olanoren Diputazioak hartutako erabakiaren kontra azaldu ziren erabat. 1.422 familia, larri Ohartarazi zutenez, neurri honek ondorioak izango ditu jende askorentzat. 1.422 familia pobretuk jasotzen dute laguntza hori Gipuzkoan, tartean 700 umek. EAJ eta PSEren asmoak baieztatzen badira, aurten, urte erdialdetik aurrera ezabatuko dizkiete laguntzak, baina LABek salatu bezala, bien bitartean, «politiko berberek zalantzarik ez dute aberatsei zerga gutxiago ordaintzen laguntzeko, adibidez, Gipuzkoan zegoen aberastasun handien zerga kenduz». Etorkinak erakartzen dituela iritzita murriztuko du gutxieneko babes hor Aldundiak. Horren aurrean, kaltetutako familiei elkartasuna adierazteaz gain, diskurtso arrazista eta xenofoboak arbuiatu zituzten eragileek. Eta pobrezia, bazterkeria eta arrazakeriari aurre egiteko politika sozialak garatzeko exijitu zioten Gipuzkoako Aldundiari.