Txapartegi, Arria, Otaño eta Kañamares, aurrera
Eneko Otaño, Arria V.a, Luix Txapartegi eta Julen Kañamares izan dira Buruz Buruko Urrezko Aizkoran aurrera egin duten aizkolariak eta hurrengo kanporaketan aritzeko modua egin dutenak.
Larunbatean Beizaman neurtu ziren, eta lau aizkolari bi multzotan banatuta aritu ziren lehen fasean. Horrela, bakoitzeko aurrenekoak besteko bigarrengoaren aurka neurtzen ziren finalean, eta finaleko bi irabazleak sailkatu ziren.
Hasteko, bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak, eta aurreneko neurketa Otañok eta Larrañagak jokatu zuten. Herrikoak, Beizamakoak, irabazi zuen, bere lana 5 minutu eta 23 segundoan amaituta. Segundo bakar bat gehiago behar izan zuen Larrañagak.
Beste neurketan aldeak askoz ere handiagoak izan ziren. Arria V.ak 6 minutu eta 43 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta 8 minutu eta 38 segundo, berriz, Eneko Saralegik.
Bigarren fasean, eta saio erabakigarrian, aizkolari bakoitzak zutikako 45 ontzako bat eta etzaniko bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen. Lehen finalean Eneko Otañok aise menderatu zuen Saralegi. 8 minutu eta 44 segundo behar izan zituen Beizamakoak, eta 11 minutu eta 6 segundo, berriz, Errazkingoak. Azkenik, Arria V.a eta Larrañaga neurtu ziren. Errezildarra gailendu zen, nahiz eta ehunenekoek erabaki zuten norgehiagoka. Arriak 7 minutu, 42 segundo eta 25 ehuneneko behar izan zituen lanak bukatzeko, eta 7 minutu, 42 segundo eta 47 ehuneneko, Mikel Larrañagak.
Abaltzisketa
Abaltzisketan bost izan ziren lehiatu zirenak, Beizamako lan berbera eginez bi fasetan. Lehenengo fasean, multzo batean Kañamares III.a izan zen onena bere lanak 6 minutu eta 9 segundoan burututa, eta Mujikak, 48 segundo gehiago behar izan zituen. Bestean, Txapartegi izan zen azkarrena, bere lanak 6 minutu eta 51 segundoan amaituta. 7 minutu eta 27 segundo behar izan zituen Lopezek, eta 7 minutu eta 53 segundo, berriz, Mugertza III.ak. Hiruko multzoa izanik, azken hau geratu zen kanpoan.
Finaletan, aurrenekoa Txapartegik irabazi zion Mujikari. Aizarnakoak bere eginbeharrak 7 minutu eta 34 segundoan burutu zituen, eta 7 minutu eta 47 segundo behar izan zituen Mujikak. Bestean, Julen Kañamaresek irabazi zion Juanjo Lopezi. Arostegikoak egin beharrekoak 7 minutu eta 21 segundoan amaitu zituen, eta 8 minutu eta segundo batean, berriz, Juanjo Lopezek.