GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Idoia Etxeberriak marka berriak jarri nahi ditu

Esku batekin 118 kiloko harria jasotzen saiatuko da, eta, birekin, berriz, 162 kilokoa, gaur Idiazabalen.


Idoia Etxeberria berriro ere protagonista izango da gaurkoan, oriotarrak bi marka egiteko asmoa baitu gaur ilunabarrean. 19.30etik aurrera Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan arituko da, eta orain arte emakume batek egin ez duena egiteko asmoa du, bai esku batekin, eta baita birekin ere.

Oriotarrak bi marka egin berriak ditu esku batekin, eta 117 kilotan dauka errekorra, eta orain hori gainditu nahi du. 117koa orain dela bi aste jaso zuen, eta gaur iluntzean 118koa jaso nahi du. 3 minutu izango ditu aipaturiko kiloak dituen errektangularra bizkarrean berdintzeko.

Baina bere asmoa ez da hor geratzen, 162 kiloko errektangularra ere jaso nahi baitu, baina hau bi eskurekin. Honekin aritzeko ere hiru minutuko txanda bat izango du, eta, lortzen badu, emakume batek inoiz egin ez duena egingo du, bai esku batekin, bai birekin ere. Biak gainera egun berean egingo ditu. Bi eskuekin ere marka berea da, aurretik 157koa jasota baitauka.

Baina Idoia ez da izango marka egitera joango den bakarra, Jokin Eizmendi ere han izango baita, eta zarauztarrak hiru minutuko txanda batean 251 kiloko errektangularra berdindu nahi du bizkarrean.

Urrezko Aizkoran, Lazkaon izango da saioa bihar, 13.00etan, eta faboritoak agertzen hasiko dira, han izango baita Aitzol Atutxa. Berarekin batera, Jauregi, Zaldua eta Mugertza II.a neurtuko dira. 23 urtez azpikoetan aurreneko saioa izango da, eta Estibalitzen jokatuko da. Han neurtuko dira bihar 12.30etik aurrera, Larrera III.a, Kortxero eta Kañamares IV.a.

Sokatiran, hastera doa Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketa, eta aurreneko jardunaldia gaur bertan jokatuko da Berriatuan, 17.30ean, 680 kilotan. Hiru jardunaldi izango dituzte aurtengoan maila guztiek, eta berrikuntza Ibarra izango da. Goman aritzeaz gain, aurtengoan lurrera pasa da, eta beste berrikuntza Getxo izango da, bizkaitarrak ez baitira aurten lehian izango. Beste taldeak betikoak izango dira; Gaztedi, hiru talderekin, Goiherri, bi talderekin, eta Mutriku.