GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
CAT BOYD
ESKOZIAKO RISE ALIANTZAKO ZERRENDABURUA

«Independentziaren aldeko ezkerreko aukera funtsezkoa da»

Erreferendumetik sortutakoa da RISE ezkerreko aliantza (errespetua, independentzia, sozialismoa eta ekologismoa). Erreferendumean sortutako giza mugimenduari Eskoziako Parlamentuan ahotsa ematea dute helburu. Cat Boyd RISE aliantzako zerrendaburua da Glasgowko eskualdean.


Cat Boyd da maiatzaren 5eko hauteskundeetan Holyroodeko Parlamentuan sartzeko aukera gehien duen hautagaia, ezkerreko aliantzari dagokionez.

Zergatik erabaki zenuten erreferendumean sortutako Radical Independence Campaignetik alderdi politikoa sortu eta hauteskundeetara aurkeztea?

RIC oso arrakastatsua izan zen ikuspegi ezkertiarretik independentziaren aldeko atxikimenduak lortzen. Hasieratik izan genituen hauteskundeok begitan. Garrantzitsua da herri mugimenduentzat ate berriak irekitzea. RICen zebiltzan indarrak elkartzea erabaki genuen: ezker tradizionala, Eskoziako Alderdi Sozialista (SSP), lerrokatu gabeko ezkerreko taldeak, sindikatuak… Uste genuelako garrantzitsua dela ezkerreko aukera bat izatea Eskozian. Gure helburua da ezkerra berritzea, jende gaztea proiektura erakartzea eta Eskoziako panorama politikoan sozialismoa berriz ezartzea.

Zerk desberdintzen du RISE alderdi tradizional nagusietatik?

Demokrazia krisi bat dago Europan. Grezian edota Estatu espainiarrean ikusi da hori, eta Eskozian bat egin zuen erreferendumarekin. Egoera hartatik onuraduna SNP izan zen, ezkerreko oinarririk ez duen alderdia. Eskoziako panoraman politikoan, beraz, hutsunea dago RISE bezalako alderdi batentzat.

Europan zehar zabaldu den «politika berriaren» beste adibide bat al da RISE?

Demokrazia krisi bat dago Europan. Grezian eta Espainian ikusi da hori, eta Eskozian bat egin zuen erreferendumarekin. Egoera hartatik onuradun bakarra SNP izan zen, ezkerreko oinarririk ez duen alderdia. Eskoziako panoraman politikoan, beraz, hutsunea dago RISE bezalako alderdi batentzat.

Zeresan handia eman duzue kanpainan. Hala ere, SNPren garaipenak eztabaidaezina dirudi. Zer lortzea espero duzue?

Gaitza izango da Parlamentuan sartzea, baina ez ezinezkoa. Glasgow hirian, esaterako, botoen %5 behar ditugu eserleku bat lortzeko, 15.000 gutxi gorabehera. Hala ere, gure arrakasta norbait Parlamentuan sartzearekin ez da neurtu behar. Orain arte asko egin dugu: aliantzak eta harremanak sortu ditugu Eskoziako ezkerreko taldeen artean, eta elkarrekin lan egiten ez zuten hainbat sektore bildu ditugu. Ederra litzateke RISEko norbait hautatua izatea, baina aurtengo hauteskundeetan ez bada, hurrengoetan izango da. Luzera begirako proiektua da; agian ez da RISE deituko. Ezkerreko fronte independentista bat eratzea da helburua.

Eskoziako sistema dela-eta, zuen aukera nagusia eskualdeetako zerrendak dira. Horietan botoa eskatu diezue barrutietan SNPren alde bozkatuko dutenei. Independentziaren aldeko gehiengoa lortzea al da asmoa?

Lehen bozka barrutietakoa da, erabat antidemokratikoa, alderdi txikiok ez baitugu aukerarik, nahiz eta oso lan ona egin zenbait barrutitan, batez ere laboristen indarguneetan. Komunitate irlandarra nagusi den tokietan, esaterako, oraindik asko mesfidati dira SNPrekiko. Eskualdeetako zerrendetan aukera gehiago dugu. Barrutiak irabazten dituzten alderdiek, SNP-k kasu, boto gehiago behar dituztelako ordezkaritza lortzeko. Horregatik eskatu dugu bigarren botoa.

SNP-k, hala ere, bi botoak eskatu ditu, nahiz eta bigarren hori lortzea zailagoa duten. Nahiago al dituzte unionistak indartsu, zuen presentzia baino?

Bi galdera daude hor. Ez dago alderdirik beste baten aldeko botoa eskatuko duenik. Noski, bi botoak eurentzako eskatuko dituzte. Hala ere, argi dut SNP-k ez gaituela gustuko.

Gai ekonomikoak eta sozialak dira nagusi kanpainan; independentziaren afera, aldiz, ezkutuan pasatu da. Zuek zergatik paratu duzue kanpainaren erdigunean?

Independentzia agenda politikoan mantendu behar da. Bereziki, Westminsterren toryek (eskuinak) gehiengoa dutelako, nahiz eta Eskozian inolako babesik ez izan. Kontserbadoreak inolako kontrolik gabe dabiltza, oinarri sozial oro txikitzen. Are gehiago, Erresuma Batuan jarraituz gero, urte luzez kontserbadoreak ikusiko ditugu Gobernuan. Jeremy Corbin oso gustuko dut, baina, sistema antolatua dago bera kanpoan uzteko. Alderdi Laboristan bertan ere ikusi da, ez da izan gai alderdi osoa bere atzean batzeko.

Hauteskundeotan SNP-k apenas hitz egin du beste erreferendum bati buruz?

SNP-k gradualki heldu nahi dio independentziari. Eskumenak lortu lehenik eta, independentziaren babesa hazten doan heinean, beste erreferendum bat deitu. Horrek ez du funtzionatuko. Historian zehar aldaketak soilik gertatu dira gauzak aldarrikatu direnean. Lehen erreferenduma deitu zenean independentziaren aldeko babesa %23an zegoen eta %45era igo genuen gero. Horregatik RISEtik adierazi nahi diegu ezin dutela %60aren zain egon. Borrokatu egin behar da eskoziarren babesa lortzeko.

Eskoziak eskumen gehiago izateak independentziarako nahia lausotuko al du?

Badago hori gertatzeko arriskurik. Baina hori independentzia SNP-rekin lotzearen ondorio da. SNP urte askoz egon da agintean Eskozian; orain eskumenekin aukera dago zenbait neurri ez oso gustuko ezarri behar izateko, batez ere arlo ekonomikoan. Horrek SNP alderdiaren ospea higa lezake, baita independentziaren aldeko kanpainarena ere. Horregatik da ezinbestekoa independentziaren aldeko ezkerreko aukera bat.

Eskumen horiek nola baliatu beharko lituzkete Eskozia independente bat lortze aldera?

Egungo egoerari aurre egiteko eta herrialdearen etorkizuna ziurtatzeko, neurri sozialak ezartzea ezinbestekoa da eta SNP ez dabil horretan. Independentziaren aldeko babesa handitu nahi baduzu, segurtasuna ezinbestekoa da, jendeak ez baitu baietz bozkatuko bere etorkizuna kolokan badago. Segurtasun sare bat jarri behar diezu jauzi egin dezaten.

Europar Batasunean jarraitzeko erreferenduma, ekainaren 23an. SNPk Eskoziaren etorkizuna Batasunean jarraitzearekin lotu du. Eta zuek?

Jarrera neutrala duen alderdi bakarra gara. SSP europazalea da, baina Batasunetik ateratzearen aldekoak ere bagara: baietz bozkatuta, Brusela duzu agintean; ezetz bozkatuta, Londres.