Finalerdietan izateko azkeneko aukera
Larrañaga, Rekondo, Saralegi eta Larretxea neurtuko dira gaur Getarian.
Urrezko Aizkora bere unerik gozoenean sartzera doa, jadanik final-laurdenetako kanporaketak ari baitira jokatzen, eta Getarian jokatuko da gaur azkenekoa, 18.30etatik aurrera.
Donato Larretxea, Jon Rekondo, Mikel Larrañaga eta Ruben Saralegi lehiatuko dira gaurko saioan. Lau aizkolari handi, eta ikuskizuna segurtatuta izango dute bertaratzen diren guztiek.
Parte hartuko duten lauretatik bik egingo dute aurrera, eta finalerdietan izango dira. Finalaren atarirako, jadanik sailkatuta daude Eneko Otaño, Arria V.a, Kañamares III.a, Txapartegi, Atutxa II.a eta Mugerza II.a. Beraz, jadanik izen handiak agertzen dira, eta aipaturiko guztiek eta gaur sailkatuko diren biek finalerdiak jokatu beharko dituzte maiatzaren 14an eta maiatzaren 15ean, eta orduan ezagutuko dira finalisten izenak.
Bestetik, 23 urtez azpikoetan ere saioa izango da. Hain zuzen ere, Kuartangon izango da norgehiagoka, bihar 13.00etan. Eneko Saralegi, Etxeberria II.a eta Aitor Jauregi izango dira neurtuko diren aizkolariak. Bakarra sailkatuko da hemendik eta finalean izango da. Txapelaren lehian hiru aizkolari arituko dira Azpeitiko finalean, eta jadanik han izateko sailkatuta daude Larrea eta Eneko Otaño.
Gaur Antsoainen, berriz, Euskal Herriko Lehen Mailan jarraitzeko kanporaketa jokatuko dute, eta han izango dira Ander Erasun eta Juanjo Lopez. Azken horrek iaz maila galdu zuen, eta Erasunek, berriz, ezin izan zuen kanporaketan parte hartu, gaixorik zegoelako. Ondorioz, Lopezek Erasuni aukera hau eskatzea bazeukanez, eskatu egin dio, eta gaur 17.00etatik aurrera neurtuko dira. Garaipena lortzen duen aizkolariak Euskal Herriko Lehen Mailan jarraituko du, eta, galtzen duenak, berriz, aurten Bigarren Mailan aritu beharko du.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketan izaten den lan bera egin beharko dute. Saio honetarako ez da faborito garbirik ikusten, eta segur aski norgehiagoka estua izango da.
Sokatira
Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketan, 680 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da gaur 17.30eattik aurrera Mutrikuko Galdona auzoan. Gaztedi A eta B, Goiherri A, B eta C, Mutriku eta Ibarra izango dira lehiatuko direnak. Goma Gaineko Lauko Nafarroako Txapelketan, berriz, gaurko saioa Antsoainen izango da, 18.00etatik aurrera, bertako pilotalekuan. Mutilen 300 kilokoan lehen jardunaldia jokatuko da, eta bertan izango dira Txantrea, Kaskailueta, Beti Gazte A eta B eta Berriozar A eta B. Nesken 235 kilokoan, Txantrea, Kaskailueta, Berriozar eta Bizindar talde arabarra arituko dira, azken hori gonbidatu bezala.
20 urtez azpiko 280 kilokoan, Berriozar, Basaburua-Ultzama eta Araxes izango dira lehiatuko direnak. Beraientzat bigarren jardunaldia izango da. Kadetetan bigarren jardunaldia jokatuko dute. Andra Mari, Beriain, Aritza, Araxes, Berriozar A eta B eta Basaburua A eta B izango dira lanean arituko diren taldeak.