23 MAY. 2016 Aizkora Jon Irazuk Gipuzkoako Lehen Mailarako bidean aurreneko kolpea jo du J.L. Jon Irazu, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Jexuxmari Mujika, Xabier Zaldua eta Mugertza III.a sailkatu ziren atzo arratsaldean Aian, uztailaren 3an Usurbilen jokatuko den Gipuzkoako Bigarren Mailako finala jokatzeko. Luix Txapartegi kanpoan geratzea izan zen ezusterik handiena. Sekulako jendetza batu zen atzo Aiako pilotalekuan kanporaketa ikusteko asmoarekin. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Hiru multzotan banatuta aritu ziren hamar aizkolariak, eta dudarik gabe multzorik onena hirugarrena izan zen, bertan aritu ziren lau aizkolariak sartu baitziren finalerako. Atzoko hiru onenak ere multzo horretako hiru onenak izan ziren. Jon Irazu izan zen azkarrena. Zizurkilgoak lan guztiak burutzeko 8 minutu eta 44 segundo behar izan zituen. Eneko Otaño sailkatu zen bigarren postuan zortzi segundora. Julen Alberdi hirugarren (9.26), laugarren Mujika (9.53), bosgarren Zaldua (10.17) eta seigarren Mugertza III.a (10.19). Sei hauek lortu zuten finalerako txartela. Atzetik, Txapartegi (10.31), Alkizalete II.a (11.01), Urteaga (12.19) eta Elorriaga II (13.06). Hauek ezingo dute finalean aritu. Sailkatu direnen artetik norbaitek huts egingo balu, Txapartegi litzateke hurrengoa.